Astelehenaren hasieran zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar. Goiza aurrera joan ahala atertu egingo du eta ostarteak zabalduko dira. Gainerako orduetan eguzkitsu egongo da, zerua guztiz garbi geratu ez arren. Mendebaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperaturak behera egingo du eta eguneko minimoak azken orduetan neurtuko dira, zerua hodei gutxirekin egongo delako orduan.
Horrela, eta ildo beretik jarraituz, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziatik azaldu duten bezala, "datozen egunetan presio baxuekin jarraituko dugu".
"Depresio sakon eta zabal bat Atlantikoan egongo da, Britainiar Uharteetatik gertuko latitudeetan, eta bere eraginpean jarraituko du Iberiar penintsularen iparraldeak", azpimarratu zuten bertatik.
Asteazkenetik aurrera, baliteke depresiogune berriak sortzea. Borraska horiek azkar sakonduko lirateke eta Kantauri isurialdea ukituz mugituko lirateke. Horrela, mendebaldeko haizea indartuko litzateke eta itsasoaren egoeran eragin nabarmena izango luke. Egoera horrekin eguraldia aldakorra eta ezegonkorra izango da, batez ere asteazkenetik aurrera. Hodeitza aldakorra izango da, mendebaldeko fluxua nagusituko da, asteazkenetik aurrera asko indartuz eta euri apur bat egingo du; asteazkenetik edo ostegunetik aurrera euria sarriago eta ugariago egingo du. Tenperatura maximoak, oro har, 15-20 gradu artean kokatuko dira; hots, sasoi honetarako ohiko balioak. Alabaina, ostegunean eta ostiralean 2-4 gradu jaitsiko dira, baina asteburuan berriro igoko litzateke tenperatura. Tenperatura minimoak 10-15 gradu artean kokatuko dira Kantauri isurialdean eta 5-10 gradu artean Mediterraneo isurialdean. Olatuaren altuera adierazgarria 2 metro inguruan kokatuko da. Ostegunetik aurrera baliteke nabarmen igotzea eta 3.5 metrotik gora kokatzea.