Udalak finkapeneko ETE berriak jarriko ditu abian udal-langileen bitartekotasun-tasa gutxitzeko eta Europak finkatutako % 8ko mugaren azpitik kokatzeko. Udal-administrazioan behin-behinekotasuna gutxitzea da Jon Armentiak, Funtzio Publikoaren zinegotziak, legealdi berrirako bere gobernu-programa aurkezteko agerraldian aipatutako helburuetako bat.
Udal-gobernuak diseinatutako planen arabera, bitartekotasun-tasa % 6ra edo % 7ra gutxituko da 700 plazako finkapen-deialdiarekin. Bestalde, suhiltzaileei zuzendutako beste deialdi bat egingo da, hamabi plaza ingurukoa. Bestalde, herritar guztiei irekita egongo den beste ETE baten deialdia egingo du 180 plazarekin hainbat postu betetzeko (lizentziatuetatik ofizialetara arte). 900 plaza inguru izango dira guztira.
Enplegu egonkorra sortzeaz gain, beste helburu estrategikoetako bat da udal-langileria gaztetzeko neurriak bultzatzea. Izan ere, gaur egun, batez besteko adina 53 urte baino gehiagokoa da. Estrategia hori hitzarmen berria negoziatzearekin lotuta dago. Horrek ordezkatuko du 2006ik indarrean dagoena eta, Jon Armentiaren hitzetan, “langileentzat zein Udalarentzat onuragarriak diren akordioak” jaso beharko dira.
Alderdi sozialarekin elkarlanean, Funtzio Publikoaren zinegotziak absentismo-tasa handiari (% 10 ingurukoa) aurre egingo dion plana adosteko helburua ere finkatu du. Horren bidez, Udalak urtero kudeatu behar dituen 6.000 ordezkapen inguruen kostu “altuak” gutxitu nahi dira. Plan horretatik eratorriko den beste onuretako bat izango da talde teknikoen produktibitatea eta “erakundeko giroa eta osasuna” hobetzea.
Bitartekotasun-tasa gutxitzean, Funtzio Publikoaren Sailak talentua atxikitzeko ahalegina egin nahi du udal-teknikariak baldintza ekonomiko hobeak dituzten beste erakunde batzuetara joan ez daitezen. Lanpostuen balorazioak erraztuko du estrategia hori.
Motor ekonomikoa
Gasteizko Udala da Araba osoko erakunde handienetako bat; hain zuzen ere, 3.450 langile ditu Udaleko programa eta zerbitzu ugariak aurrera eramateko. Bestalde, urtero beste 5.000-6.000 pertsona ingururi ematen dio lana ordezkapenen eta errefortzuen bidez.
“Hirian enplegua eta aberastasuna sortzen duen eragile nagusietako bat gara, baina horren guztiaren gainetik dago herritarrentzako baliabideak, babesak eta ongizatea sortzeko bete beharreko rola”, gogorarazi du Jon Armentiak.