Jone Berriozabal Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Saileko foru diputatuak aurkeztu du aste honetan, Joana del Hoyo Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera, LAIAren zazpigarren edizioa abiarazten duten jardueren egutegia, "Arabako Foru Aldundiaren, Arabako kuadrillen, lurraldeko udal eta toki erakundeen, emakume elkarteen, mugimendu feministaren eta beste antolakunde eta pertsona batzuen ahaleginak batzen dituen proiektu integratzailea, partaidetzazkoa eta finkatua". Hori guztia, helburu honekin: "berdintasunean eta emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo eta asoziatiboan aurrera egitea, eta, aldi berean, bereizkeriari aurre egiten dioten beste pertsona batzuk bereganatzea, hala nola LGTBIQ+ taldea".

Hala, LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Sareak ikasturte berria hasi du 132 jarduerarekin, gure lurraldeko kuadrilletan eta Trebiñun banaturik, desafio honekin: "elkarrekin biltzeko eta trukeak egiteko lekua izatea, feminismoan trebatzeko gunea, eta haurnartzeko eta errealitatearen beste ikuspuntu batzuk aurkitzeko eremua".

Jone Berriozabalek azpimarratu duenez, LAIAk, bere hasiera-hasieratik, aliantzak ehuntzen dihardu, eta Araba lurralde bidezkoago eta berdinzaleago, askotariko eta indarkeriarik gabeko bihurtzeko beharrezkoak diren indarguneak eta sinergiak sortzen, prozesu kolektiboak eta elkarrizketarako, gogoetarako eta hazkunderako guneak finkatzeaz gainera. "Gure helburua emakumeen ahalduntze prozesu horietan lagun egitea da, haien partaidetza soziopolitikoa indartzen duten tresna eta ekimenen bitartez. Baita ere, emakumeekin eta gizonekin lan egitea, berdintasuna eta gizarte bidezkoagoa lortzeko", adierazi du foru diputatuak.

13.800 parte-hartzaile

2022/2023 ikasturtean, 13.800 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten LAIAren jardueretan. Haietarik % 75 emakumeak izan ziren. Horregatik, "oraindik ere hobetzeko tarte handia dago Arabako mutilen eta gizonen partaidetzaren aldetik", adierazi du.

2023-2024 ikasturteari begira, LAIA 132 jarduerarekin abiatzen da, eta horiei beste batzuk gehituko zaizkie datozen hilabeteetan. Programazio "zabala eta askotarikoa" izango da, haren barruan izango baitira elkarrizketak, emakumeenganako indarkeriari buruz sentsibilizatzeko edo berdintasunaren inguruko antzerkia, topaketak, ikastaroak, jardunaldiak, ponentzia edo hitzaldiak, eztabaida eta solasaldiak, prestakuntza-lantegiak, zineforuma, irakurketa feministako klubak, berdintasunaren aldeko ibilaldiak, bakarrizketak, elkarlaneko horma-irudiak, kaleko ikuskizun eta jolas-jarduerak, hainbat kultura-adierazpenen bidez (musika, antzerkia, dantza, artea, literatura, zinema, etab.) genero berdintasuna sustatzeko jarduerak, eta emakumeek kiroletan parte hartzearekin loturiko jarduerak.

Nabarmentzekoak dira berdintasunaren aldeko eskualdeetako topaketak, dagoeneko kuadrilletarako erreferentziazko espazio bihurtu direnak. Haietan, sakonean lantzen dira berariazko gaiak, hala nola justiziaren desafioak indarkeria matxistari heltzean, Añanan, edo indarkeria matxistari heltzeko estrategiak, Lautadan.

Eskualdeetako topaketa horiez gainera, beste bi ekitaldi nabarmendu daitezke. Bihar, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak "Lankidetza feminista mundua aldatzeko eredu berri bezala" izenburuaz antolatutako jardunaldia egingo da Burgelun. Eta larunbatean, Bastidan, Arabako Landa Inguruneko Emakume Sarearen urteroko 24. bilera egingo da. Bertan, adin guztietako emakume landatarren zahartze aktiboa aztertuko da, bai eta kulturarteko elkarbizitzaren desafioa ere, belaunaldien arteko ikuspuntutik.

Ahalduntze kolektiboa

Edizio honetan, Jone Berriozabalek baieztatu duenez, LAIAk "epe luzeagoko ahalduntze kolektiboa lortzeko espazioak" sortu nahi ditu, ez bakarrik jardueretan parte hartzen duten pertsonen banakako ahalduntzea. Hori da, hain zuzen, berdintasun espazioen eredua, zeinetan emakumeekin lan egiten den, haien jarduerak berdintasun politiketan integratzea ziurtatzeko. Esate baterako, Añana FEMprende, Añanako emakume ekintzaileak ahalduntzeko gunea. Hark jasotako balorazio onaren ondorioz, eredu horri jarraitu zaio Aiaraldean ere ezartzeko.

Espazio horien beste adibide batzuk honako hauek dira: indarkeria jasan duten eta indarkeria matxistatik bizirik irten diren emakumeei lagun egiteko Aguraingo programa, ikuspuntu feministatik zurrumurruen aurka jarduteko Artziniegako ekimena, adinduentzako "Polito zahartu" programa, Asparrenean eta Gesaltza Añanan, edo Gorbeialdeko maskulinitate berrien taldeak, besteak beste.

Baita ere, neska eta mutilak inplikatzen dituzten espazioak ere antolatu dira. Esate baterako, SexOka, Iruña Okako Udalaren sexualitateari buruzko aholku zerbitzua, 2021ean hasia eta funtzionatzen jarraitzen duena.

Arabako Foru Aldundiak informazio eskuorriak egin ditu kuadrilla bakoitzerako, baita Trebiñorako ere, eta datozen egunetan banatuko dira. Informazio guztia hemen: laia.araba.eus,