Alavabusen herri arteko errepideko garraiobideetako bidaiarien kopurua, 2023ko lehenengo seihilekoan, % 32 handiagoa izan da, batez beste, iazko aldi berean baino. 756.000 pertsonak baino gehiagok erabili dute zerbitzu publiko hori urtarriletik ekainera, eta, horrela, finkatu egin da 2022an erregistratutako erabiltzaileen susperraldia, pandemia gainditu ondoren.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak datu horien balantze "oso positiboa" egin du, kontuan hartuta 2022 "bidaiarien errekor historikoaren urtea izan zela"; arabarren konfiantza eskertu du eta hazkunde handi hori egotzi dio "azken urteetan kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko garatu den etengabeko hobekuntzako estrategiari eta 2022ko irailetik BAT txartela erabilita ezarritako % 50eko aparteko deskontuari".
"Eskariaren bilakaerak erakusten du deskontu hori garraio publikoaren erabilera sustatzen ari dela, ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa, eta, horrela, mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiten laguntzen ari dela", azpimarratu du.
Guztira, 756.070 bidaiarik erabili dute, 2023ko lehenengo seihilekoan, Arabako eskualdeekin eta probintzia mugakideetako herriekin Gasteiz lotzen duten eta lurralde historikoan geldialdia egiten duten Alavabusen 18 lineak, hau da, 2022ko lehen seihilekoan baino % 32,25 gehiagok. Zifra milioi bat bidaiari ingurukoa da, Bilbo-Iruñea eta Foru Aldundiak ere kudeatzen duen Bilbo-Logroño ibilbide luzeko bi lineen eskaria gehituz gero.
18 linea horiek biltzen dituzten lau emakidek goranzko bilakaera izan dute, bi digituko hazkundearekin, urteko lehen seihilekoan. Araba Erdialdeko emakidak, zeinak, besteak beste, Gasteiz eta Santikurutze Kanpezu, Dulantzi eta Langraiz Oka lotzen dituen lineak biltzen baititu, besteen gainetik nabarmentzen da, eskaria % 36 igo baita; ondoren, Miranda/Gasteiz/Durango (+ % 33,4), Aiara (+ % 29,5) eta Arabako Errioxa (+% 29,3) datoz.
"Bidaiarien hazkunde handieneko lineak nahitaezko mugikortasunarekin lotuta daude, hau da, pertsonek egunero erabiltzen dituztenak lantokietara eta/edo ikastetxeetara joateko. Izan ere, haietako batzuetan, azken hilabeteetan, zerbitzu eta maiztasun gehiago sartu ditugu eskariaren hazkundeari erantzuteko", zehaztu du Nogalesek.
Alavabusen zerbitzuen eskariaren gorakadarekin batera, BAT txartelaren eta garraio publikoko beste txartel batzuen (BARIK eta MUGI) erabilera igo da ordaintzeko modu gisa: foru lineetako txartelen % 83 baino gehiago ordaindu dira txartel horien bidez 2023ko urtarriletik ekainera bitartean, eta, 2022ko itxieran, batez besteko ehunekoa % 75 izan zen. Hau da, erabilera zortzi puntu baino gehiago igo da sei hilabetean.
Txartel kargagarri horiek erabiltzaileei aukera ematen die Alavabusen txartelak eskudirua erabili beharrik gabe ordaintzeko eta, gainera, deskontu handiekin. BAT txartelak txartel arruntaren prezioaren gaineko % 20ko deskontu automatikoa dakar, baina 2022ko irailetik, eta 2023ko urte osoan zehar, % 50eko deskontu gehigarri bat sartu du aparteko moduan.
Eskualdeko garraioa
Bestalde, Arabako landagune txikiak beren erreferentziako herriguneekin lotzen dituen eskualdeko garraio zerbitzuak ere bilakaera positiboa izan du urtearen lehen erdian. Guztira 34.553 arabarrek erabili dituzte, urtarrila eta ekaina bitartean, eskualdeko 28 garraio lineak, hau da, 2022ko aldi berean baino % 29,2 gehiago.
Jon Nogales foru diputatuak adierazi duenez, "lanean jarraituko dugu Arabako herritarrei eskaintzen diegun foru garraio publikoko zerbitzua finkatzeko eta inplementatzeko, lurraldeko mugikortasuna garraiobide jasangarriagoetara bideratzeko urratsak egiten jarraitzeko".