Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak aurrera jarraitzen du argiteria publikoa LED luminariekin ordezkatzeko proiektuarekin. Lan horiek aurrera eramaten urteak daramatzate eta, horiei esker, kanpoko argiterian energia elektrikoaren kontsumoa gutxitu eta energia-eraginkortasuna handitu ahal izango da, Gasteizko Udaletik azaldu dutenez.
2022ko eta 2023ko aurrekontuetan zordunduta egingo dira lan horiek eta bi kontu-sailak batuta, zenbatekoa ia milioi bat eurokoa izango da 2.000 farola baino gehixeago aldatzeko. Lehen lanak (aurreko ekitaldiari atxikitakoak) urriaren hasieran amaituko dituzte eta 22 kaletako 915 luminariatan esku hartuko dute (besteak beste, kale hauetan: Bekolarra, Oto hiribidea, Artapadura, Haitz kalea, Bergarako Atea, Agirrelanda edo Kapelamendi).
Bigarren zatia laster esleitzeko kontratazio-bidean dago. Ondorioz, lanak urtearen amaieran edo datorren urtearen hasieran jarriko lirateke abian. Kasu honetan, 33 kaletako argiteria publikoa hobetuko dute: Fernandez de Lezeta, Senda ibilbidea, Serafin Ajuria, Gasteiz hiribidea, Ballester Apezpikua edo Simon Anda. Guztira, 1.100 luminaria berri jarriko dira.
Bi esku-hartze horiei esker, hiri osoko farola guztien % 40 inguruk izango dute LED teknologia. Datu hori nabarmendu nahi izan du Beatriz Artolazabal zinegotzi eta alkateordeak. Horrekin lotuta, Udalak NBEk finkatutako Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotura estua duten estrategiak mantendu eta indartuko dituela ziurtatu du.
“Hiri jasangarria lortzeko lanak ezin du etenik izan. Denboran zehar jarraipena izan beharko du emaitzak lor ditzagun; izan ere, horiek ez ditugu lortuko goizetik gauera. Gasteiz berdea, klima-aldaketaren aurka borroka egiten duena eta ahalik eta CO2 isurpen gutxien sortzen duena nahi dugu. Luminaria klasikoak erabili beharrean, gure kaleetan LED argiak erabiltzeak argiaren kutsadura eta kontsumo energetikoa gutxitzea eta espazio publiko osoan argiztapen maila hobeak lortzea ahalbidetzen du”, adierazi du Artolazabalek.