Araia-Asparrenako Umorezko Antzerki Jaialdiak 12 antzerki konpainia ekarriko ditu Araiara abuztuaren 11tik 15era bitartean eta 8 antzezlan eramango ditu Arabako 23 herrietara, guztira 41 emanaldi lortuz.

Umorezko Antzerki Jaialdiaren aurtengo edizioak hainbat berritasun dakartza.

Nabarmenena jaialdiaren zuzendaritzaren aldaketa da: orain arte Javier Alcortaren kargu egon den Jaione Azkona aktore araiarrak hartuko du; elkarlanean aritu dira biak autengo jaialdia antolatzen, trantzizio erraz bat bermatzeko.

Horrez gain, Pli Lopez de Lacallek, Araiako tatuatzaile entzutesuak, edizio honen irudia sortzeaz arduratu da, estetika moderno eta berria emanez.

Azkenik, 30. urteurrena ospatzeko, edizio guztietako material grafikoarekin erakusketa bat antolatuko da Araian, jaialdiaren ibilbidea irudikatuko duena.

Antzerki jaialdiaren baitan, kaleko eta barruko ikuskizunak egongo dira: lehenengoak, Araian antzezteaz gain, jaialdiaren zirkuitu ibiltariaren parte izango dira eta Arabako hainbat herrietatik ibiliko dira; bigarrenak Araiako Arrazpi Berri kiroldegian bakarrik ikusi ahal izango dira.

Egitarau osoa aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Ana del Val Sancho diputatuak, Jaione Azkona jaialdiaren zuzendari berriak, Javier Alcorta zuzendari ohiak eta Txelo Auzmendi Araia-Asparrenako alkateak.

Araiako jaialdia

Araian, abuztuaren 11tik 15era jaialdiaren egoitza nagusia, Arrazpi Berri kiroldegiak hartuko ditu barruko ikuskizunak, 22:30ean guztiak:

  • Alfredo Sanzolen “La Ternura” antzezlanak irekiko du jaialdia abuztuaren 11an. “La Zona Teatro”-ren abenturazko komedia erromantiko honek antzezlan onenaren Max saria dauka.
  • Hurrengo egunean, abuztuaren 12an, “Familia Sarekada” euskarazko komedia ikusi ahal izango da, “Vaiven” konpainia euskaldunak gidatua.
  • Abuztuaren 13an “MyL2.0” obra antzeztuko da, Mariana Collado eta Lucio A. Baglio dantza eta komedia bikotearekin.
  • 14an “Las XL”-k ikuspuntu feministatik egitako “Degenerate mucho” antzezlana aurkeztuko dute.
  • Eta azkeneango egunean, abuztuaren 15ean, “Gruyére” obrak itxiko du jaialdia. “Los Absurdos” taldearen antzezlan honek bikote batek bankuarekin dauzkan sorrak ordaintzeko biziko duen epopeia kontatuko du.

Urtero bezala, kaleko antzezlanak egongo dira ere, Araiako puntu ezberdinetan burutuko direnak. Kanpoan eta dohainik ikusi ahal izango diren obra hauek honakoak dira: IdoLoca nafarraren ¡Que circo de mujer!, La Nördika konpainiaren Candido, L’Actitud, Jam kataluniako konpainiaren kargu, Trapu Zaharra-ren ¡Dale Ramon!, aurtengo Leioako Umore Azokan ikuskizun onenaren saria irabazi duena, Soñando magia David Vegaren esku, Jimena Cavallettiren Mecha eta Ramiro Vergaz-en Whitte bottom, 2021ean Panorama Circada saria irabazi zuena.

Umorezko Antzerki Jaialdiaren 30 edizioak ospatzeko, egitasmoaren ibilbidea irudikatuko duen erakusketa bat antolatuko da edizio guztietako kartelekin, urtez urteko argazki-albumekin eta material grafikoen proiekzioarekin. Erakusketa irekita egongo da abuztuaren 12, 13, 14 eta 15ean, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00 etara Araiako Udalbatzaren Areto zaharrean.