Jardueraz beteta egon den ikasturteari amaiera bikaina emateko, BIZANeko osasun-parkeek gaur goizean jai handia egin dute eta erabiltzaile ugari bildu da Andre Maria Zuriaren plazan. Begirale profesionalek zuzenduta, goizaren zati handi bat instalazio horietan urtean zehar ikasitako errutinak eta ariketak praktikak jartzen eman dute.
Maider Etxebarria alkateak plazan bildutakoak agurtu eta “BIZAN zentroetan garatzen ditugun jardueretako batekiko konpromisoa duten horrenbeste jende” ikusteagatik bere poza adierazi die. “Horrek agerian uzten du pertsona aktiboak zaretela, gauza berriak ikasteko, lagun berriak egiteko eta zuen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko gogo handia dutenak. Hain zuzen ere, osasun-parkeek hori guztia lortzen laguntzen dute”.
Bestalde, Gizarte Politiken zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok, Covidaren pandemiaren ondorioz bizi izandako une gogorrak eta pertsona guztien ohitura osasungarrietan eragindako aldaketa ekarri ditu gogora. “Oso urte gogorrak izan ziren eta bereziki zuentzat. Egun asko etxean, harremanik izan gabe, ariketa fisikoa egin gabe. Gaur, zorionez, hori guztia berreskuratzen ari gara eta osasun-parke hauek gure osasun fisikoa eta emozionala hobetzeko laguntza bikainak dira”. Zinegotziak iragarri duenez, parke horiek hiriko txoko guztietara irits daitezen kokapen berriak bilatzen jarraituko dute.“Dagoeneko auzo ugarietako beharrak aztertzen ari gara; izan ere, sare honek hazten jarraitzea eta adinekoek alternatiba osasungarria izatea nahi dugu”.
Gaur egun, ezaugarri horiek dituzten 16 instalazio daude hiri osoan. 2009an jarri zuen abian Gizarte Politiken Sailak programa hori eta, ordutik, gero eta erabiltzaile gehiagok hartzen du parte horietan. Gutxi gorabehera 500 adinekok lantzen dute beren autonomia eta egoera fisikoa hobetzen dute begiraleek gidatutako ariketekin. Ruiz de Escuderok nabarmendu duenez, “parke hauek, aire zabaleko ariketa fisikoa eta zahartze aktiboa bultzatzen laguntzeaz gain, bakardadeari aurre egiteko eta harreman sozialak bultzatzeko tresna bikaina dira”.