Eustaten datuen arabera, 24.194 pertsona hil ziren Euskal AEn 2022an, hau da, 2021ean baino % 4,9 gehiago. Kopuru hori 2019koa baino % 12,2 handiagoa da, pandemiaren aurreko urtea alegia, eta 2020koa baino txikiagoa, 53 heriotza gutxiagorekin. Lurraldeen arabera, 2022an, 3.170 heriotza izan dira Araban, hau da, azken urtean % 6,7 gehitu dira, eta hori da igoerarik nabarmenena; Bizkaian, 13.152 (+% 5,3) izan dira, eta, Gipuzkoan, 7.872 (+% 3,3).
2022an, alde nabarmenak egon dira hilabeteen artean, aurreko urtearekin alderatuta. Urtarriletik uztailera, heriotza-tasa % 10,2 igo zen 2021. urtearekin alderatuta, eta uztaila nabarmentzen da, hil horretan % 29,6ko igoera izan baitzen. Hala ere, abuztuan eta irailean heriotzak % 0,1 eta % 2,1 jaitsi ziren, hurrenez hurren. Urrian berriz ere gora egin zuen aurreko urtearen aldean (+% 3,8), baina azaroan eta abenduan berriz ere behera egin zuen nabarmen: -% 6,3 eta -% 5,6, hurrenez hurren.
2022ko heriotza guztiak kontuan hartuta, 12.330 emakume eta 11.864 gizon hil ziren. 2022an, hildakoen batez besteko adina 81,3 urte izan zen, eta, hamar urte lehenago, 2012an, 78,9 urte; hau da, 2,4 urteko igoera izan da azken hamarkadan.
2022an, gizonak batez beste 78,1 urterekin hil ziren, eta emakumeak 84,4 urterekin; 2012an, berriz, 75,4 eta 82,7 urte izan ziren batezbestekoak, hurrenez hurren. Horrenbestez, azken 10 urteetan, gizonen bizitza 2,7 urtez luzatu da batez beste, eta emakumeena 1,7 urtez.
Haurren hilkortasunari dagokionez, urtebetetik beherako 41 haur hil ziren Euskal AEn. Jaioberrien heriotza-tasari dagokionez (bizitzako lehenengo 28 egunak hartzen dira kontuan), 30 haur hil ziren: 11 haur lehenengo 24 orduetan, eta 12 haur lehenengo astean. Urtebetetik beherakoen artean, haurren heriotzak guztizkoaren % 60,9 izan ziren.
2022an, 100 urte edo gehiagoko 521 pertsona hil ziren (1922an edo lehenago jaioak), eta haietatik emakumeak % 87,3 izan ziren. Ehun urte edo gehiagoko 100 pertsona gehiago hil dira 2021ean baino.