Hamar urte bete dira Puntueus Fundazioak, euskal eta euskal kultura Interneten bermatzeko, Icannen aurrean .eus domeinuaren eskaria aurkeztu zuela. Maiatzaren 28an beteko dira hamar urte hain zuzen ere. Urtebete beranduago, 2013ko ekainaren 14an, eskariaren ebaluazioaren ondoren jakin zen .eus domeinua onartua izan zela. "Momentu horretatik ilusioa eta kemena bezalako sentimenduak gogoratzen ditut. Gogorra izan zen oso, baina harro nago egindako ibilibideaz", adierazi zuen Iñaki Goirizelaiak, Fundazioko lehendakariak.
Hala, atzo ospatu zen Nazioarteko Internet Eguna, eta puntoeus-etik ospatu nahi izan zuten eguna, beren jatorriei buruz hitz eginez eta hasieran izan zituzten zailtasunak kontatuz. Lehen erronka nagusia baldintza guztiak betetzea izan zen. "Icannek eskatzen zituen baldintza guztiak betetzea erronka handia izan zen, baina euskal komunitatearen eta norbanako ugariren babesari esker proiektua gauzatzeko gai izateaz gain, markari balio-erantsia ezarri zioten: tresna eta zerbitzuak, hain zuzen ere". "Puntueus pertsonen eta erakundeen alboan dago momentu oro, sortzen zaizkien beharrak asetzeko, eta horrela, konfiantza eskaintzen diegu bezeroei", azpimarratu zuen Goirizelaiak. Izan ere, .eus domeinuaren abiaraztea 92 aintzidarirekin izan zen 2014ko ekainean, eta gaur egun, 13.000 domeinu baino gehiago daude erregistratua. Urte hauetan "kalitatearen aldeko apustua egin eta alderdi horretan lan egin dugu", gaineratu zuen. Ildo beretik, egindako lanagatik eta lortutako erantzunagatik, Goirizelaia pozik agertu zen. Hamar urte eta gero, eta Interneten Egunaren harira, "puntueus euskal identitate digitala proiektatzen duen marka gisa finkatu" dela azpimarratzen zuen. Etorkizunera begira, helburuak betetzeko bide berriak aurkitu eta hartzeko prest daudela azaldu zuen lehendakariak, baina batez ere orain arte lortutakoa mantentzea da erronka nagusia, mantentzea eta sendotzea, alegia. "Interneteko identitate digitala bermatu behar dugu, komunitatea sortu eta aktibatu, euskaratik". Interneten unibertsoari begira, fundazioko kideek gogoratu zuten duela hamar urte gizartearen %50 inguru zegoela Internetera konektatuta eta 233 milioi domeinu zeudela erregistratuta. "Gaur egun, ordea, gizartearen %90 dago interneten eta 366 milioi domeinu erregistratu dira", azaldu zuten.
Puntueus Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, .eus domeinuaren kontrolaren, administrazioaren eta kudeaketaren ardura duena. Haren egitekoa gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea da. ".eus tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona". Domeinu hori erabili ahal izateko gutxienez hauetako baldintza bat bete behar dute webguneek: Web guneak euskarazko eduki esanguratsu bat izan behar du, edo komunikazioak hizkuntza horretan egin behar ditu eta web gunearen edukiak euskal kulturaz aritu edo sustatu behar du. Hala, domeinu horrek identitatea adierazten du: euskararen eta euskal kulturaren komunitatearen izaera, "merkatura eta bezeroarengana gerturatzen zaituen domeinua da, bezeroaren hizkuntzan saltzeko eta euskal enpresen kalitate-ziurtagiria adierazteko, bilatzaileen arau berrietara moldatzen eta identifikatzen laguntzen du eta marka babesten du, bidegabe erabil ez dezaten". Fundazio horretatik lanean jarraitzen dute erakunde eta enpresa gehiagotara iristeko eta domeinuari euskal nortasuna ematen jarraitzeko. Izan ere, duela gutxi lankidetza-hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzarekin.
Hala, Eusko Jaurlaritzak eta PuntuEUS Fundazioak ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko elkarlana aurkeztu dute aurten. Zehazki, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldi batean aurkeztu zituzten erakunde bien arteko elkarlanerako ildoak. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta .eus domeinuaren presentzia areagotzea da. Horretarako, 2022. urtean Eusko Jaurlaritzak 50.000 euroko ekarpena egingo dio Puntueus Fundazioari eta laguntza teknikoa ere eskainiko dio garatuko dituen egitasmoak aurrera eramateko.
Fundazioa. Atzo ospatu zen Nazioarteko Internet Eguna, eta puntoeus-etik ospatu nahi izan zuten eguna, beren jatorriei buruz hitz eginez eta hasieran izan zituzten zailtasunak kontatuz. Lehen erronka nagusia baldintza guztiak betetzea izan zen. "Icannek eskatzen zituen baldintza guztiak betetzea erronka handia izan zen, baina euskal komunitatearen eta norbanako ugariren babesari esker proiektua gauzatzeko gai izateaz gain, markari balio-erantsia ezarri zioten: tresna eta zerbitzuak, hain zuzen ere". "Puntueus pertsonen eta erakundeen alboan dago momentu oro, sortzen zaizkien beharrak asetzeko, eta horrela, konfiantza eskaintzen diegu bezeroei", azpimarratu zuen Goirizelaiak. Izan ere, .eus domeinuaren abiaraztea 92 aintzidarirekin izan zen 2014ko ekainean, eta gaur egun, 13.000 domeinu baino gehiago daude erregistratua.
Domeinuaren abiaraztea 92 aintzidarirekin izan zen 2014ko ekainean, eta gaur egun, 13.000 daude erregistratua
Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, .eus domeinuaren kontrolaren, eta kudeaketaren ardura duena