Bizimoduak eta kultura-sistema berriro definitzea. Helburu horrekin, Gasteizko Udalak proiektu berri bat aurkeztu zuen atzo, hiria ikuspegi gizatiarrago baten pean birdefinitzeko. ENSANCHE Entrepreneur Creative Quartier proiektua da.
Hala, eta ildo beretik, atzo Gasteizko Udaletik jakitera eman zutenez, duela gutxi aurkeztu du Gasteizek ENSANCHE Entrepreneur Creative Quartier proiektua New European Bauhaus deialdira. Ekimen hori Europako Batzordeak jarri du abian ikuspegi "gizatiarragotik, jasangarriagotik eta barneratzaileagotik abiatuta, Europako eta bertako hirietako sistema kultural eta ekonomikoa eta bizimoduak berriro definitzeko asmoz". New European Bauhaus izango da Europako Green Deal-en muina eta Batasun osoan sormenaren eta berrikuntzaren eztanda modukoa zuzentzea du xede. Atzo egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, proiektu honen helburua da, batez ere, hiriaren erdigunea, XIX. Zabalgunea eta haren eragin-eremua erabat suspertzea. Era berean, biziberritze hori egin nahi dute, hiriaren ingurune horretan industria-jarduerarekin bat eginez: "Gasteizko proiektuaren helburu nagusia da hiriko erdiguneko barrutiaren, XIX. mendeko Zabalgunearen eta haren influentzia eremuaren, biziberritze integrala lortzea. Horretarako, ingurune horretan hiriaren bokazio jasangarria (ekodiseinuaren eta ekoberrikuntzaren bidez) bateratu nahi da bertako industria eta enpresa arloko jarduera handiarekin (industriari lotutako zerbitzuak, hiriko zerbitzuak eta sormen-industriak) eta unibertsitateak sortzen dituen talentuarekin eta ezagutzarekin.
Proiektuaren oinarria Living Lab ikuspegia da eta dimentsio anitzeko -ekonomian, gizartean, ingurumenean, kulturan eta hirigintzan- hiriko birsorkuntza-prozesurako hazi gisa jarduera enpresarial, berritzaile eta sortzaile berriak aktibatzea eta arakatzea du xede. Proiektuak ekintza pilotuekin lan egiteko aukera ekarriko du berekin, baina baliteke are garrantzitsuagoa den beste zerbait eskaintzea ere: "Europako erreferentziazko elkarteak biltzeko aukera da, modu koordinatuan, hiriguneko gizarte, ekonomia eta hirigintza arloetako biziberritze-aukeren inguruko gogoeta eta azterketa egiteko", azpimarratu zuten. Gorka Urtaran alkateak; Arabako Arkitektoen Elkargoko presidenteak, Jimena Ruiz de Landak; Arabako EHUren campuseko errektoreordeak, Manoli Igartuak; Ensanche XIX elkarte zibikoko idazkariak, Jose Luis Azkaratek; eta ekimena egituratzeaz eta Europako deialdira aurkezteko lanak koordinatzeaz arduratu den Naider enpresako Carlos Cuerdak eman zuten ekimenaren berri atzo goizean. Ekitaldian izan ziren, gainera, Ensanche 21eko presidentea, Ana Oregi, eta sozietateko gerentea, Jorge Ozcariz.
"Ekimenean parte hartzen ari garen eragile guztiok helburu komuna dugu: gure hiriaren bihotzak behar duen eraldaketari erantzuna ematea, eta haren nortasuna berreskuratu ahal izateko elkarrekin lan egitea Gasteiz osatzen duten hiru oinarrien bidez: hiritartasun jasangarri eta ekologikoki arduratsu gisa duen nortasuna, hiri industrial gisa utzi duen arrastoa eta ezagutzaren eta unibertsitatearen hiri gisa duen potentzial bikaina", nabarmendu zuen alkateak. Era berean, honako helburu hau azpimarratu nahi izan zuen: "hiriaren erdigunearen biziberritze-prozesua osatuko duten proiektu pilotuak, aukerak eta planak mahai gainean jartzea. Bauhaus Europea Berriaren sorburuak Europako kultura, hezkuntza, zientzia eta berrikuntza dira, Europako Itun Berdearen promesa gure eguneroko bizitzarako hobekuntza bihurtzeko helburuarekin. Hori guztia erabat bat dator Gasteiz Green Deal ekimenarekin eta gure 2030eko Agendarekin", ondorioztatu zuen Gasteizko alkate den Gorka Urtaranek.
Esaldia. "Ekimenean parte hartzen ari garen eragile guztiok helburu komuna dugu: gure hiriaren bihotzak behar duen eraldaketari erantzuna ematea, eta haren nortasuna berreskuratu ahal izateko elkarrekin lan egitea Gasteiz osatzen duten hiru oinarrien bidez: hiritartasun jasangarri eta ekologikoki arduratsu gisa duen nortasuna, hiri industrial gisa utzi duen arrastoa eta ezagutzaren eta unibertsitatearen hiri gisa duen potentzial bikaina", nabarmendu zuen alkateak. Era berean, honako helburu hau azpimarratu nahi izan zuen: "hiriaren erdigunearen biziberritze-prozesua osatuko duten proiektu pilotuak, aukerak eta planak mahai gainean jartzea. Bauhaus Europea Berriaren sorburuak Europako kultura, hezkuntza, zientzia eta berrikuntza dira, Europako Itun Berdearen promesa gure eguneroko bizitzarako hobekuntza bihurtzeko helburuarekin. Hori guztia erabat bat dator Gasteiz Green Deal ekimenarekin eta gure 2030eko Agendarekin", ondorioztatu zuen Gasteizko alkate den Gorka Urtaranek atzoko aurkezpenean.