- Datorren larunbatean, hilak 12, Gasteizko Guraso Eskolen 26. topaketa egingo da Europa jauregian, 17:00etatik aurrera. Udaleko Hezkuntza Sailak antolatu du ekitaldia, hiriko ikastetxeetako Guraso eskoletako 40 talde baino gehiagoren lagun-tzaz. Sarrera doakoa da, lekuak bete arte. “Eskerrak eman nahi dizkiot hezkuntza komunitateari programa sendo honen parte aktiboa izateagatik. Programari esker, gurasoek hazkuntzaren arloko kezkak azaldu eta zalan-tzak argitu ahal dituzte” adierazi zuen atzo Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. Iñigo Ochoa de Alda psikologoaren Como cuidar la salud mental de la infancia y la adolescencia en la familia hitzaldian, parte-hartzaileak psikologoaren hausnarketak ezagutuko dituzte, eta ondoren solasaldia egingo da. “Pandemiak alderdi askotan eragin digu, baita psikiko eta emozionalean ere. Topaketa honekin familiak arindu nahi ditugu, eta gakoak eskaini nahi dizkiegu izan ditzaketen zailtasunak gainditzen laguntzeko seme-alabei”, gaineratu zuen. Gaur egun buruko osasuna oso presente dago eztabaida publikoan. “Gai delikatua da, are gehiago seme-alaben buruko osasunaz ari bagara. Duela hamarkada batzuk osasun fisikoa lehenesten zen, baina egun, gurasoek buruko osasun ona lortzeko oinarriak ezarri nahi dituztela adierazten dute”, azpimarratu zuten Gasteizko Udaletik atzo. Ochoa de Aldak gai hauek jorratuko ditu, besteak beste: hazkuntza-estiloak eta familiek seme alabak presta-tzeko duten lan zaila; izan ere, gizartean berehalakotasuna eta “dena lor daiteke” leloak dira bultzatzaile. “Haurtzaroan eta nerabezaroan, antsietate-, depresio- eta oldarkortasun-sintomak askoz sakonagoa eta laguntzeko zailagoa den ondoez emozionalaren izeberg-tontorra dira”.
Gurasoen eskolak Gasteizko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuaren programa baten parte dira, duela 26 urtetik garatzen ari dena. Ikastetxe bereko ikasleen gurasoek osatzen dituzte taldeak, eta seme-alaben adinen araberako prestakuntza- eta hausnarketa-prozesua egiten dute. “Beraiek proposatutako gaiak lantzen dira, beti zainketa pertsonala, heziketa eta hezkuntzarekin lotuak. Saioak ikasturte osoan zehar egiten dira”.