- Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak dio ikasturte berriko matrikulazioak ondo doazela aurten. Herritarrek euskara ikasten eta hobetzen jarraitzeko duten interesari dagokionez, baikor agertzen da. Izan ere, gaur egun 8.000 pertsona inguru ari dira AEKetan ikasten, baina Iribarrenek uste du kopuru hori handitu egingo dela datozen egunetan eta asteetan.
Duela gutxi hasi da AEK euskaltegien ikasturte berria. Nola joan dira aurten matrikulazioak?
-Urrian hasi ginen ikasturte berriarekin eta hilabete eskas daramagu honetan. Matrikulazioa ongi
joan dela esan dezakegu, jende asko etorri da euskaltegietara informazio eske eta horietako askok matrikula egin du. Dena den, eta ohikoa denez, oraindik ere jendeak izena ematen jarraitzen du AEKren euskaltegietan.
EAEn, matrikulazio gehiago egin dira iaz baino?
-Pasa den ikasturtean baino ikasle gehiago ditugu aurten euskaltegietan eta, esan bezala, pixkanaka herritarrek segitzen dute izena ematen, oraindik euskaltegietan matrikulatzeko aukera baitago. Eta ikasturte osoari begira, urtarrilean ere dezente izaten dira euskaltegian izena ematen dutenak. Urte berriko asmo berrien kontu hori izango da, kar-kar!
Zer berrikuntza ekarriko ditu ikasturte berriak?
-Ikasturte berrian, egoera normaltasunera bueltatzen hasiko den honetan, gu ere ohiko egoeran izaten dugun dinamikara itzuli ahalko gara, eta hori oso pozgarria da guretzat, nahiz eta covidaren aurkako oinarrizko neurriak errespetatzen jarraitu, hau da, musukoak, gutxieneko distantziak eta garbiketa sakona. Eskolez gain, ekimen ezberdinak antolatu ahalko ditugu ikasleek erabileran sakondu ahal izateko eta euskaraz bizi-tzen segitzeko. Eskaintzari dagokionez, ohiko aurrez aurreko ikastaldeak, autoikaskuntza, online ikastaroak, Foruko barnetegia, praktikatzeko jarduerak, enpresetako euskara planak... eta euskaltegi ba-tzuetan baita eredu konbinatua ere, aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartzen dituena.
Zenbat lagunek ikasten dute euskara gaur egun EAEn?
-Gaur 8.000 ikasle inguru dugu EAEko AEK-ko euskaltegietan, baina ziur gaude datozen egunetan eta hilabeteetan kopuru horrek gora egingo duela, egunotan igotzen ari den moduan.
Azken urteotan, gero eta interes handiagoa dago hizkuntza hori ikasteko?
-Baietz esango nuke nik. Iazko egoerak euskaltegietara etorri zen jendearen kopuruak behera egitea eragin zuen, baina azken urteetan igoerarako joera egon da eta, motibazio ezberdinak tarteko, gero eta jende gehiagok agertzen du euskara ikasteko interesa.