oronabirusak aurrera egiten duen heinean, euskarak ere aurrera egiten jarraitzen du. Gelditzen ez den hizkuntza da. Horregatik, eta segurtasun-neurriak bermatzen, zenbait ekimen antolatu dira uda honetan zehar. Ekainean E-ga ospatu zen Gasteizen, Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa alegia. Bi urtetan behin antolatzen da hau, baina pasa den urtean bertan behera geratu zen eta aurtengoan guztiz aldatu behar izan dute.

Higako zuzendaria den Beñat Garaiok -aurtengoan E-ga bihurtu den topaketako zuzendaria-, DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin du, eta azaldu du presentzialki egiten saiatu zirela azken momentura arte, baina azkenean ez zen posible izan.

“Nahi genuen Higa normalaren filosofia mantenduko zuen zerbait egitea”, dio. Horregatik, E-ga antolatu zuten, bi puntu ardatz izanda. Alde batetik, gazteen lankidetza bultzatuko zuen proiektu lehiaketa bat egitea, eta beste alde batetik betiko Higa bat, baina modu “konprimituan”. Hau da, topaketa bat egitea erdi online erdi presentzialki, baina lau egunetan izan beharrean bi ordutan.

Hori izan zen, gogoratzen du, erabakia. Martxan jarri zuten proiektu lehiaketa, munduko gazteak harremanetan jartzeko, eta 15 lan jaso zituzten. “60 pertsona ezberdinek hartu zuten parte, eta oso proiektu ezberdinak jaso genituen; bazeuden abestiak, dokumentalak, erreportaiak, etab.”.

Helburua

Era horretan, haien helburua lortu zuten, “nahiz eta pandemiaz baldintzatuta egon, jendea beraien artean harremanetan jartzea zerbait sortzeko”.

15 pertsona egon ziren ebaluatzen proiektuak eta sari banaketa E-gako topaketaren egunean egin zen, ekainaren 11n. Egun horretan dena konprimitu zuten, baina ez zen ezer falta izan: ipuin kontaketa, hitzaldiak, elkarrizketak, kontzertuak, etab., eta ekitaldi osoa gainera interneten bidez partekatu zuten, gero eta jende gehiagori heltzeko. “Bagenekien ez zela presentziala izango, baina gutxienez gertutasun sentsazio gehiago emateko”, azaldu du.

Honakoa oso esperientzia positiboa izan den arren, nahiago dute hori bai formatu tradizionala. “Teknikoki oso formatu konplexua da, traba tekniko asko dituelako. Gainera, faltan botatzen da aurrez aurreko gertutasun hori”. Hurrengoa, 2023koa, presentzialki egitea nahiago dute, beraz.

Euskarabentura

Guztiz aldatu behar izan den beste ekimen bat, aurreko urtean online bihurtu izan zena, Euskarabentura da. Koordinatzaileetako bat den Irune de la Mazak egunkari honekin hitz egin du, eta elkarrizketan zehar kontatu du nola igaro den aurtengo programa. Uztailaren 2an hasi zen Urruñan, eta parte-hartzaile guztiek PCR froga egin zuten bi egun lehenago parte hartu ahal izateko, eta antigeno testa egunean bertan autobusetara igo baino lehen. Segurtasuna lehentasuna izan da, azken finean, hau antolatzerako orduan.

Positibo baten bat euki genuen bigarren txandan PCRan -aurtengoan bitan banatu baitugu programa- eta ezin izan zuten parte hartu”, dio.

Azken egun, aste eta hilabeteetan gainera, gaztetasuna jomugan dagoela dirudiela, de la Mazak aurreratzen du ez dutela uste %100ean bakarrik gazteetan jarri behar dela fokoa. “Gurekin izan diren gazteak argi zeukaten zer egoeratan gauden, eta gure helburuetako bat zen aisialdiaren barruan zer edo zer gehiago eskaintzea. Iaz ezin izan genuen eskaini, eta aurten gure helburuetako bat zen beste aukera bat sortzea, eta aurrera egitea ahal zen neurrian eta ahalik eta seguruen denontzako”.

Dena berrasmatu

Euskarabentura ospatu ahal izateko dena berrasmatu behar izan dute aurten, pandemiara egokitu. “Gure asmoa eta gogoa zen betiko espedizioa egitea, herri batetik bestera igarotzea, baina egoerara moldatu behar izan genuen azkenean”, gogoratzen du.

120 pertsona ziren, “jende asko herri batetik bestera joateko”, eta azkenean zatitu egin zuten: 60 gazte egon dira txanda bakoitzean, eta kanpaldi baseak egin dituzte. Lehenengo txandan Urruñan eta Lekarozen egon ziren (60 gazte horietatik bost arabarrak ziren gainera), eta bigarrenean Bidania-Goiatzen eta Aulestin (6 arabar izan ziren honetan). Ingurua ezagutu dute.

Oso ondo egon dira eta moldatu dira gazteak, de la Mazaren ustez, eta “musukoarekin, PCR eta antigeno probekin, kanping dendaren asuntoarekin eta distantziarekin oso ondo moldatu dira, eta eskertzekoa da”. Azken finean, denek barneratuta zeukaten gaur egun ematen ari den egoera.

Gainera, Euskarabenturaren helburuetako bat gazte euskaldunen sare berri bat sortzea dela kontuan izanda, hori bete dela dio de la Mazak. “Mantendu ditugu helburuak, sarea hor dago eta sortu da”, azaltzen du amaitzeko.

Euskararen etorkizuna

Pandemia honetan euskarak jokatu duen rola eta zein motatako etorkizuna duen hizkuntza honek kezka handia sortzen duten hausnarketak dira. Horren inguruan ere sakonki pentsatu du Garaiok. “Itxialdiaren harira, egon ziren Twitterren eta komunikabideetan kexu asko pandemia izan zelako testuinguru bat bazterrean zeuden gaiak are gehiago baztertzeko, eta tartean euskararena”, dio.

Hala ere, euskararen kasuan ere gehitzen du pandemia izan dela aukera buelta bat emateko eta gehiago sortzeko, gehiago aldarrikatzeko, etab. “Soziolinguistika klusterran egiten dut lan gaur egun, eta badaukagu buletin bat eta jarraitzen ditugu nazioartean dauden albisteak hizkuntza gutxituen inguruan. Egia da pandemia honetan mugimendu gutxiago egon dela hizkuntza gutxituen harira”, azaltzen du.

Euskarak “hobetu behar dituen gauza asko ditu”, baina Garaioren ustez, “hizkuntza gutxituen artean euskararen egoera mundu mailan egoera hoberenetarikoan eta baikorrenetarikoan dago”. Hori bai, “momentua ez da ona hizkuntza gutxituentzat, eta justu horregatik komunitate asko daude ahal duten heinean hizkuntza biziberritzen”.

Gainera, Euskarabentura, Euskaraldia, edota Higa ekimenak aurrera pausoak dira euskararen sustapenean, eta Garaioren aburuz, “esan liteke oso egoera onean gaudela beti dagoelako ekimen berriren bat martxan. Norbaitek hutsune berriren bat identifikatzen du eta sortzen da ekimen bat horri erantzuteko. Hori ikusita, oso pozgarria da; eta lanketa hori denboran mantentzen saiatu behar gara”, dio amaitzeko.