- Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, Patxi Zubizarretak eta Xabier Olarrak Vitoria-Gasteiz sariak jaso zituzten atzo, haur eta gazte literaturako lanen euskarazko itzulpen onenengatik. Ekitaldia atzo 12:00etan izan zen Oihaneder Euskararen Etxean eta Gasteizko Udaleko hainbat kide ere bertaratu ziren irabazleak zoriontzera, baita Gorka Urtaran alkatea eta Iñaki Gurtubai Euskara zinegotzia ere.

Gorka Urtaranek diploma eman zien bi itzultzaileei. Alexandra Garibalen Plein plein, plein d'animaux —'Animalia asko, pila bila'— liburuaren itzulpenagatik lortu zuen saria Patxi Zubizarretak, eta 9.000 euro eskuratu zituen. Jatorrizko liburuaren berezitasuna, hitz-jokoak eta umorea euskarara ekartzeko gaitasuna azpimarratu da. Gainera, epaimahaiak adierazi zuen oso maila altuko itzulpena dela Zubizarretarena. "Hotz egiten du kulturan. Hotz egin du gaur goizean, baina urteak daramatza hotz egiten. Horregatik eskertzen dira editoreen deiak", adierazi zuen Patxi Zubizarretak. Ildo horretan, saria jasotzeagatik pozik agertu zen Zubizarreta; izan ere, azaldu zuenez, bere lanbidea ez da erraza, eta hilabete asko ematen ditu kobratu gabe; horregatik, honelako sariek bere lanbide gogorrari balioa ematen diotela helarazi zuen. Xabier Olarrak, ordea, Robert Louis Svensonen Catrionaren itzulpenagatik lortu zuen saria. 9.000 euro eirabazi zituen ere. Kasu honetan, egindako lanaren kalitatea eta itzulpenean lortutako hizkuntza-maila altua goraipatu zuten. Epaimahaiaren hitzetan, "itzulpen borobila" da. "Euskara dotore eta, aldi berean, erraz eta lehen irakurketan ulertzeko modukoa da", adierazi zuten: "Hizkuntzak komunikatzeko tresnak direla erakusten dute, ez baitago entzule guztiengana iristeko balio duen hizkuntza bakarra. Itzultzaileak, beraz, ez du alferrikako lanetan denbora galdu nahi; itzultzaileen lana apala da, mundu ezezagunera eramateko aukera ematen dute", helarazi zuten. Alde horretatik, bi itzultzaileen lana ere nabarmendu zuten, eta esan zuten atzo izan zirela 17. edizioaren irabazleak, baina ez dela saria jasotzen duten lehen aldia. "Liburu honen itzulpena egin nuen Steven Sone (liburuaren idazlea) idazlearekiko zorra kentzeko, eta horrela gazte euskaldunek euskaraz irakurtzeko aukera bat gehiago dute", adierazi zuen bigarren sarituak. Ildo horretan, egungo euskal gazteak "ezin dira kexatu" euskal itzultzaile eta idazleen lanari esker gaur egun euskaraz dauden literatura liburu ugariez, bere iritziz. Bestalde, jasotako saria ere eskertu zuen eta bere lanerako bultzada bat zela ziurtatu zuen. "Zuen ahalegina eskertzen dizuet horrelako lanak gurera ekartzeagatik", eskertu zuen Gorka Urtaranek. "Haizeak eramaten ditu hitzak, baina idatzita dagoena betirako geratzen da. Euskararen kasuan, biak bateragarriak eta beharrezkoa da. Beharrezkoa da gure hizkuntzak hegan egitea, baina baita gure hizkuntza liburuetan finkatzea", ondorioztatu zuen.

Bi sari hauen banaketa aprobetxatuz, hainbat politikarik Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpena irakurri zuten. "Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude", Iñaki Gurtubai euskara zinegotzia hasi zen adierazpena irakurtzen. "Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun gizarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan.

Zentzu horretan, erakunde publikoen betebeharra da herritarrei euskaraz egitea eta zerbitzuak euskaraz eskaintzea, baina ez diogu nahi bezala erantzun. Konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun". Zentzu horretan, euskaldunek euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoa banaka ere ematen dutela ere azaldu zuten adierazpenean. Izan ere, ahalegin hori edozein aurrerapenen "funtsezko zutabea da": "Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena. Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok". "Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa. Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa".

Irakurketa. Foru Aldundiak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuen atzo. Arabako diputatuek Kuadrilletako presidenteekin partekatu zuten euskal erakunde guztiek onartutako adierazpen bateratuaren irakurketa. Euskarak aurrera egiten laguntzen digu. Berregin dezagun gure gizartea euskaraz lelopean, hizkuntza hau kalean sustatzearen alde egin du Foru Aldundiak, eguneroko bizitzan gehiago erabil dadin sustatuz.

Testuaren zati bat. "Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa, administrazio eta erakunde publikoena barne. Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea. Euskararen ahotsa zor diogulako munduari".

"Hotz egiten du kulturan. Hotz egin du gaur, baina urteak daramatza hotz egiten"

Itzultzailea