- Koronabirusaren aurkako hiru txerto daude dagoeneko saikuntza klinikoak bukatzen. Eta, azken informazioen arabera, Europako Batasunak horietako bi merkaturatzeko baimena eman lezake urtea amaitu baino lehen. Dena arazorik gabe aurrera badoa, urtearen hasieran antidoto bat egongo dela iragarriko luke horrek, arriskuan dauden pertsonak eta ahulenak covid-19aren aurka immunizatzeko eta, horrela, munduko pandemiari hesia jartzeko. Gorka Orive UPV/EHUko Farmazia Fakultateko ikertzaile eta irakasleak dio, hala ere, oraindik goiz dela txertoari data bat emateko, nahiz eta "baikorra" izan datorren urtean Euskadik ez duela bat izango, baizik eta zenbait txerto eraginkor, Euskadiko biztanleria arriskutsua immunizatzeko.

"Ez zait gustatzen epeei buruz hitz egitea, itxaropenak sortzen baitituzte. Hurrengo asteetan saiakuntza kliniko horien emaitzak iritsiko dira. Hori bai dela abiapuntua, emaitzak ikusi eta haien eraginkortasuna egiaztatzea. Orduan hartuko da txertoen gaineko erabakia, eta ez lehenago", argitu du. Eta, hain zuzen, txertoen une aurreratu honetan, munduko herritar askok, baita Gasteizkoek ere, zalantzan jarri dute txertoak sortzeko azkartasuna. Hala, bada, Espainiako Gobernuak erantzuna eman du, eta ziurtatu du txertoa jarri nahi ez duten herritarrak osasun publikoko prebentzio-neurri gisa behartzeko ahalmena dutela. Hain zuzen, diotenez, konstituzioan babestuko dira, hain zuzen ere 15. eta 49. artikuluetan, "bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidea defendatzen du, eta botere publikoei dagokiela osasuna babestea, prebentzio-neurrien bidez". Eta zentzu horretan mintzatu da Gorka Orive ere. "Ohiz kanpoko ahalegin historikoa egiten ari dira herritarrak koronabirusetik babesteko txertoa sortzeko. Gaixotasuna eragin duen birusa identifikatu eta hamar edo hamaika hilabete eskasera, txertoak sortzen hasi dira; esfortzu hori neurtu eta baloratu egin behar da", helarazi eta gaineratu du: "45 txerto ari dira garatzen, eta horietako hamaika hirugarren fasean daude. Hori dela eta, oso baikorra naiz, zenbait txerto potentzial egongo dira herritarrak immunizatzeko". Eta txertoak sortzeko azkartasunaren beldur edo mesfidantza duten herritarrak lasaitzeko, eta iristen den unean jartzeari uko ez egiteko, Gorka Orivek dio datuak zabaltzea, gardenak izatea haiekin eta txertoen garrantziaz pedagogia egitea funtsezko elementuak izango direla gizartearen zati hori lasaitzeko. Gainera, "azken eraginkortasunak jendea gehiago mugiaraz dezake", azpimarratu du. "Txerto eraginkorrak izatea eta jendeak jarri nahi ez izateak ez du askorako balio. Itxaron behar dugu eta konfiantza eman behar da, txertoa jartzeak onura handiagoa dakarrela gaixotasuna izateko arriskuak baino". Alde horretatik, helarazi du txertoaren emaitzak jakin bezain laster jarriko duela bere besoa: "Ez daukat plan hoberik, zein da beste aukera, txertoa jarri beharrean? Itxarotea ea infektatzen naizen?", galdetu du.

Hainbat dira txerto aurreratuenak. Pfizer-Biontech, Moderna, Sputnik V txertoaren bultzatzaileak eta Oxford-Astrazeneca, hain zuzen ere. Horietako batzuetan, txertoaren ondoren herritarrengan sortutako albo-ondorio puntualengatik saiakuntza klinikoa geldiarazi izan da. Zentzu horretan, ondorio puntualak izan direla esan du Orivek: "Ez dut uste garatzen ari diren txertoetan izan diren albo-ondorioak larritzat jo daitezkeenik. Txerto batzuen entseguak geldiarazi dituen ondorio larri puntualen bat egon da, baina, oro har, segurtasun-maila egokiekin eta ondorio kaltegarri arinekin edo, asko jota, ertainekin egiten ari dira. Oso baikorra naiz txertoarekin", esan du. Hala ere, duela gutxi, laborategi batek aldi baterako eta une jakin batean gelditu behar izan zituen txertoaren probak boluntario batek garatutako gaixotasunagatik: "Garapen-fasean dagoen txerto bat probatzen ari diren 60.000 pertsona daudenean, zaindu egin behar dira denbora batez, ondorio kaltegarririk duten ikusteko. Eta denbora horretan normala da pertsona horietako batek txertotik kanpoko gaixotasunen bat garatzea, posible da hori gertatzeamilaka boluntario daudelako", azaldu du. "Zerbait edo gaixoren bat gertatzeak ez du esan nahi txertoa erruduna denik. Ondorio kaltegarririk balego, txertoa ez litzateke inoiz merkaturatuko, eta, zorionez, oraindik ez da halakorik gertatu", gaineratu du.

Horregatik guztiagatik, Gorka Orive ikertzaileak esan du txertoari buruz orain arte erabiltzen diren datuak positiboak eta itxaropentsuak direla; baliteke datorren urtean Euskadi immunizatuta egotea koronabirusaren kontra. Hori bai, ziurtatu du ez dela txerto bakarra izango gizarte osoa immunizatuko duena, hainbat txerto baizik: "Ez du mundu guztia immunizatzeko moduko txertorik egongo. Zortzi mila milioi pertsona gara, ezinezkoa da. Baina albiste on bat dago. Txerto asko izango ditugu, zorionez, asko garatzen ari direlako", argitu du. Ildo horretan, berretsi du "beharrezkoa eta garrantzitsua" dela laborategi guztiak txertoa ahalik eta lasterren merkaturatzeko egiten ari diren lan hori, eta azpimarratu du ez dela laborategien arteko gerra bat, gizarte osoari mesede egingo dion zerbait baizik: "Beharrezkoa izango da hainbat txerto izatea gizarte osoa babestu ahal izateko. Are gehiago, txerto bat baino gehiago sortzea tresna osagarriak izango dira herritarrei aplikatzeko, baita arrisku-taldeen arabera sailkatzeko ere; hau da, txerto batzuk talde batzuentzat eta beste batzuk beste batzuentzat, eraginkortasunaren eta arriskuaren arabera", ondorioztatu du Gorka Orivek.

"Ez zait gustatzen epeei buruz hitz egitea, itxaropenak sortzen baitituzte"

EHUko irakaslea