- EH Bilduk "ezohiko" udal aurrekontuak eskatu zizkion atzo Urtarango taldeari, egungo pandemia egoera dela eta. Halaber, baldintzak negoziatzea lortzen bazuten, EAJri eskua emango ziola ziurtatu zuen.
EH Bilduk 2021erako aurrekontuak, ezinbestean, pandemiak eragindako krisiari erantzuna ematera bideratuta egon behar direla adierazi du. "Ez ohiko egoera honetan, aparteko aurrekontuak behar dira», adierazi zuen EH Bilduko bozeramaile den Miren Larrionek, «sortu diren behar berriei erantzuna emateko garaia da, gasteiztar guztiak eta hauen beharrak kontuan hartuko dituen aurrekontu batzuekin". Adierazpen horiek atzo udaletxean bertan emandako prentsaurrekoan egin zituen. EAJk eskaera hori jaso ote zuen galdetuta, Miren Larrionek erantzun zuen oraindik ez, baina hurrengo egunetan jasoko zutela.
Ildo horretatik, Larrionek azpimarratu nahi izan zuen EH Bilduk elkarrizketarako eta akordio zabalak erdiesteko duen prestutasun osoa "beti ere, argi izanda gobernantza ereduan eta politika publikoen norabidean aldaketa sakona burutzea beharrezkoa dela. Ez dugu ontzat emango oraingo egoerara ekarri gaituzten politika publikoak errepikatzen jarraitzea", adierazi zuen.
Izan ere, norabide aldaketa hori EH Bilduren lehentasunetako bat dela gaineratu zuen. Prentsaurreko horretan, Euskal Herria Bilduk aurrekontuek jaso beharko lituzketen lau ildo estrategikoak azpimarratu zituen. Lehenik eta behin, osasunari garrantzia eman zioten, eta pertsonen ongizatea babestea zela garrantzitsuena adierazi zuten. Bestalde, alderdi politiko horrek "ezinbestekotzat" jo zuen babes soziala handitzea; izan ere, " krisiak gizarte zerbitzuen arrakalak bistaratu ditu". Horregatik, EH Bilduk "etengabe" neurriak proposatu izan ditu laguntza sozialak handitzeko edota Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua indartu dadin eskatuz. EH Bilduko zinegotzi Rocio Viterok aipatu bezala, "pertsona nagusiak izan dira krisi honetan kaltetuenetarikoak, eta horregatik EH Bilduk Adinekoen Behatokiaren sorkuntza eskatu du. Pertsona nagusiek euren kezkak azaldu eta laguntza jasotzeko izango duten erreferentziazko gunea".
Era berean ekonomiaren susperraldia pizteko ezinbesteko neurriak eskatu zituzten, aurrekontuetan jasota egon behar direnak "nahitaez". "Autonomoei eta enpresa txikiei begirako laguntzak indarrean jartzeko garaia da, ezin ditugu ahaztu ostalari eta merkatariak pandemiaren eraginez euren egunerokotasuna hankaz gora jarrita ikusi dutenak. Eurentzako laguntza zehatzak behar dira, baita kulturgintzari begirakoakere" azaldu zuen Viterok.
«Etorkizuneko Gasteiz prestatuko duen aurrekontu batzuen beharren dago udalerria, bere politikan norabide aldaketa bat martxan jartzeko beharrean», erantsi zuen Larrionek. Larrialdi klimatikoari erantzuteko unea dela uste zuen ere, baita espazio publiko adeitsuak eta mugikortasun jasangarria sustatuko duten politikak ere. "Azken hilabeteotan, helburu horretarantz pausoak emateko neurri zehatzak proposatu izan ditu EH Bilduk, hala nola, espazio publikoa berrantolatzeko Gasteizko Kaleak Ireki programa, larrialdi klimatikoaren deklarazioari jarraipena emateko eta edukiz betetzeko proposamenak, edota arrakala digitala gainditzeko ideiak".Azkenik, EH Bilduren ustez, etorkizunera begirako norabide horien parte izan behar dute Europako Batasunak Covid-19aren ondorioz erabaki dituen berreraikitze funtsek. "EH Bilduk proposamen zehatzak egingo ditu berrikuntza produktibo eta sozialari edota trantsizio ekologikoari heltzeko", ondorioztatu zuten.
"Etorkizuneko Gasteiz prestatuko duen aurrekontu batzuen beharren dago"
EH Bilduko bozeramailea
"Pertsona nagusiak izan dira covid-19 aren krisi honetan kaltetuenetarikoak"
EH Bilduko zinegotzia