- OCUk ez du koronabirus arrastorik atzeman apirilaren azken astean Gasteizko hainbat supermerkatutan erositako elikagai eta drogeria produktuetan. Are gehiago, ez du birus horren arrastorik aurkitu Gasteiz, Madril, Bartzelona eta Coruñako hamar supermerkatutan erositako 66 elikagai eta drogeria produktuetan, atzo jakinarazi zuenez.
Zehazki, kontsumitzaileen erakundeak kontsumo handiko 66 elikagai eta drogeriako produktu aztertu ditu, koronabirus hondarrik dagoen ikusteko: irinak, txokolate tabletak, patata frijituen poltsak, ogi barrak, garagardo latak, ontziratu gabeko sagarrak, komuneko papera, jogurtak, entsalada on-tziratuak, aurrez prestatutako tortillak, haragi eta izokin on-tzi ketuak aztertu ditu besteak beste, eta zorionez, ez da halakorik izan.
“Emaitzak PCR proba genetikoen bidez lortu dira, hautatutako produktuen azaleratik jasotako laginetatik, eta agerian uzten dute ez dagoela koronabirus hondarrik. Litekeena da supermerkatuek sustatutako higiene-neurriek, hala nola gainazalak aldizka garbitzeak eta eskularruak eta maskarak erabiltzeak, arrisku hori murrizten lagundu izana”, azaldu dute kontsumitzaileen erakundetik.
Hala ere, OCUk gomendatzen du supermerkatuetan arreta-neurriak mantentzea, hasteko beste erabiltzaileekiko distan-tzia mantenduz, eskularruak eta maskara erabiliz eta aurpegia ez ukituz. “Kontsumitzaileek orain arteko neurri berberak hartu behar dituzte, elikagaien azalerak birusik ez duela bermatzeko. Erosketak egitera behar denean bakarrik irtetea gomendatzen dugu, eta hobe supermerkatuetara bakarrik joatea. Behin supermerkatuaren barruan egonda, eskularruak eta maskara jantzi behar dira. Eta langileekiko eta gainerako erosleekiko segurtasun-distantziak errespetatzea eskatuko da beti. Gomendagarria da, halaber, kreditu-txartelarekin ordaintzea eta, erositako guztiarekin behin etxera heltzerakoan, produktuen kanpoko enbalajea kentzea, kontsumo-data edo lotea beste leku batean idatziz”, berretsi dute.