- Sukaldaritza dibertigarria baina batez ere solidarioa. "Gure poltsikotik euro bat jarri gabe solidarioak izateko aukera dugu orain eta, gainera, laguntzen dugun bitartean ondo pasatzeko aukera izango dugu". Esaldia Unai Fernández de Retana sukaldariarena da, gasteiztarrak sukaldean aritzera animatzeko elkartasun ekimena sortu berri duena.
Ikastea, janaria prestatzea, ondo pasatzea eta solidarioa izatea. Lau premisa horiekin jaio da Cocina de confinamiento, Unai Fernández de Retanak eta Kultura Kalean! Elkarteak bultzatutako ekimena. Webgunearen eta sare sozialen bidez, El Clarinete jatetxeko sukaldaria asteko erosketa planifikatzeko aholkuak emango dizkie herritarrei, bazkari eta afarietarako errezetak eta ideiak proposatuko ditu konfinamendu egun hauetarako. Horretaz gain, lehiaketa bat abiaraziko du jendea esperimentatu eta lapiko eta zartaginen artean entretenitu dadin. Gainera, eta Laboral Kutxaren laguntzari esker, ekimenak izaera solidarioa izango du. Laboral Kutxak euro 1 emango dio Gurutze Gorriari, eta euro 1 Arabako Elikagaien Bankuari, Unai Fernández de Retanak egun hauetan abiaraziko dituen erronketan iritsiko den errezeta bakoitzeko. "Jendeak sukaldean ondo pasatuko du proposatuko dizkiegun errezetekin, eta asteko erosketa hobeto antolatzeko jarraibideak ematen ere saiatuko gara, konfinamendua ahalik eta gehien errespetatzeko", azaldu du sukaldariak, eta gaineratu du: "Gainera, alde solidarioa izango dugu. Uneotan, denok saiatu behar dugu gure ekarpena eskaintzen".
Hala, www.cocinadeconfinamiento.com webgunearen eta sare sozialen bidez, Fernández de Retanak bazkari menu bat proposatuko du egun bakoitzerako, afari arin baterako aholkuak emango ditu, eta aste bakoitzerako erosketaren zerrenda bat.
"Plater xume eta askotarikoak izango dira, plater zaporetsu eta osasuntsuekin konfinamendua aprobetxa dezagun; jarduera gutxiagoko egun hauetan elikadura zaindu behar da", dio sukaldari gasteiztarrak. Errezeta gozoak eta errazak familientzat, hala nola fruitu gorrien gazpatxoa, azalorea perretxikoekin edo oilasko gisatua, besteak beste. Helburua herritarrek errezeta hauek egiten denbora-tarte atsegina igarotzea da eta aldi berean solidarioak izatea, beharra dutenei laguntzeko Gurutze Gorria eta Arabako Elikagaien Bankuen bitartez.
Fernández de Retanak zazpi erronka proposatuko ditu lehiaketarako: "Sei edo zazpi osagai proposatuko ditut, parte-hartzaileek haiekin plater bat egin dezaten. Irudimena bota, ahal duten osagaiak erabili edo beste batzuk gehitu eta sukaldean ondo pasatzea da helburua", helazten du. Parte-hartzea zabaltzeko, plater bat aurkezteko moduak askotarikoak izango dira: bideo baten bidez, plateraren edo errezetaren argazki batekin, errezeta azaltzen duen audio batekin € Plater bakoitzarekin bi euroak emango dituzte. Hala, pertsona bakoitzak erronka bakoitzeko plater bat bidali ahal izango du, eta parte hartzen duten plater guztien artean bi lagunentzako zazpi bazkari edo afari zozkatuko dira El Clarete jatetxean, euskal gastronomiak Gasteizen duen erreferentziazko lekuetako bat. (Pertsona bakoitzak El Clarete-n menu bakarra aukeratu ahal izango du, baina zenbat eta plater gehiago bidali, orduan eta irabazteko aukera gehiago izango dute. "Helburua ahalik eta errezeta gehien jasotzea da, errezeta bakoitzeko Laboral Kutxak bi euro emango baitizkigu Gurutze Gorriarentzak eta Elikagaien Bankuarentzat".
Lehiaketa solidario eta dibertigarri honetan parte hartzen duten plateren argazkiak, bideoak eta audioak hainbat modutan bidali ahal izango dira: Whatsapp bidez, 688 764 912 zenbakira; postaz, participa@cocinadeconfinamiento.com helbidera; eta lehiaketa etiketatuz sare sozialetan, Facebooken, Instagramen eta Cocina de confinamiento YouTuben partekatuz. "Herritar guztiei parte hartzeko deia egiten diegu. Horrela denon artean elkarrekin laguntzen eta elkarlanean jarraitu ahal izango dugu", dio.
'Cocina de confinamiento'. Unai Fernández de Retanak eta Kultura Kalean! Elkarteak bultzatutako ekimena da. Webgunearen eta sare sozialen bidez, El Clarinete jatetxeko sukaldaria asteko erosketa planifikatzeko aholkuak emango dizkie herritarrei, eta bazkari eta afarietarako errezetak.
Lehiaketa. Laboral Kutxak euro 1 emango dio Gurutze Gorriari eta euro 1 Arabako Elikagaien Bankuari, Unai Fernández de Retanak egun hauetan abiaraziko dituen erronketan iritsiko den errezeta bakoitzeko.