- Arabako traktoreek beren eguneroko lana gelditu zuten atzo, eta Gasteizko errepideak hartu zituzten. UAGA sindikatuak deituta, nekazariak eta abeltzainak berriro bildu ziren, beste behin ere, abeltzaintza eta nekazaritza sektorearen etorkizunaren alde borrokatzeko. Horrez gain, A-1 autobideko trafikoa ere moztu eta oztopatu zuten.

Goizean goiz hasi zen traktoreen kontzentrazio hau. Gure lanaz bizi nahi dugu lelopean bildu ziren. Eta protesta honekin mezu argia helarazi nahi izan zieten enpresei eta erakundeei: "Gure egoera jasanezina da. Guri gero eta konplikazio gehiago jartzen digute lan honetan jarraitzeko. Osasun kontrol asko pasatzen ditugu. Ez digute produktu asko erabiltzen uzten. Kanpotik datorren janariak, ordea, ez ditu kontrol horiek pasatzen, eta gainean guri gutxi ordaintzen digute gure lanaga ondo egiteagatik. Zenbat denbora gehiago uste dute eutsiko diogula horrela?", adierazi zuen Ruben abeltzainak.

Atzo bi zutabe osatu zituzten hiriaren alde banatan: lehena Jundizko industrialdetik abiatu da, eta bigarrena Buesa Arenako aparkalekutik. «Nekazariak borrokan» zioen pankartak zabaltzen zuen traktoreen ilara luzea. Lehenengo traktoreek autobian manifestazioa amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzara jo dute. «Etorkizun beltza dugu», adierazi zuen Javier Torre UAGAko lehendakariak. Eta erantsi zuen: «Prezioak kostuen azpitik daude. Esnearen eta zerealaren prezioa, esate baterako, duela 35 urtekoaren bera da. Bizitza, aldiz, nabarmen garestitu da. Ezin diogu honi eutsi». Arabari dagokionez, kolpe gehien izaten ari diren produktuetako batzuk erremolatxak eta patatak dira, "produktu hauek gain beheran doaz orain", jakinarazi zuen Torrek.

Dena den, erremolatxaren eta patataren prezioa ez ziren izan atzo Gasteizen batzeko arrazoi bakarrak. Izan ere, abeltzainek ere kexu ziren beren txahalak eta animaliak ondo zaintzeko egiten duten eguneroko ahaleginaz, eta, hala ere, gero ez dute haiengatik behar adina ordaintzen. Atzo helarazo zuten bezala, gero eta "exijentzia gehiago" dituzte baina "ez dago ordainduta" egiten duten lana.

Arazo horien guztien ondorioz, belaunaldi berriek ez dute sektore horrekin jarraitzeko ilusiorik. Horrela jakinarazi zuten atzo, behintzat: "Zenbat gazte ikusten dituzu elkarretaratze honetan? Nik bi seme-alaba ditut. Bietako inork ez du belaunaldiz belaunaldi nire familian egin dugun lanarekin jarraitu nahi. Eta ulertzen diet. Jaurlaritzak laster jarduten ez badu, ez dugu etorkizunik Araban", aitortu zuen Irene abeltzainak. "Europar Batasuneko aurrekontuak eta Nekazaritza Politika Bateratua negoziatzeko une erabakigarrian gaude, eta horrek are gehiago baldintzatuko du etorkizuna. Tokiko eremuan, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari eskatzen diegu sektorearen defentsan inplikatzeko eta, beren eskumenetatik, ustiategi profesionalak mantentzera bideratutako nekazaritza-politikak jorratzeko".

Etorkizuna. UAGA sindikatuak deituta, nekazariak eta abeltzainak berriro bildu ziren, beste behin ere, abeltzaintza eta nekazaritza sektorearen etorkizunaren alde borrokatzeko. Horrez gain, A-1 autobideko trafikoa ere moztu eta oztopatu zuten.

Ibilbidea. Atzo bi zutabe osatu zituzten hiriaren alde banatan: lehena Jundizko industrialdetik abiatu da, eta bigarrena Buesa Arenako aparkalekutik. «Nekazariak borrokan» zioen pankartak zabaltzen zuen traktoreen ilara luzea. Lehenengo traktoreek autobian manifestazioa amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzara jo dute.

"Prezioak kostuen azpitik daude. Esnearen eta zerealaren prezioa, esate baterako, duela 35 urtekoaren bera da. Bizitza, aldiz, nabarmen garestitu da".