gasteiz - Martxoaren 8an emakumeen nazioarteko eguna dela eta, Gasteizko Udalak berdintasunarekiko konpromisoa berretsi nahi duela adierazi zuen atzo Berdintasun zinegotzia den Miren Fernandez de Landak prentsaurreko batean. "Mugimendu feministaren, emakumeen elkarteen, norberaren izenean jarduten duten hainbat pertsonaren eta berdintasuna agendan txertatu duten erakundeen borrokei eta aldarrikapenei esker lortu diren eskubideak zalantzan jartzen dituzten edo atzera egiteko mehatxua egiten duten horien aurrean berresten dugu konpromiso hau", azpimarratu zuen.

Aurrera baino ez leloaren pean, pertsona "guztiontzat berdinzaleagoa izango den gobernamendu-eredu baterantz aurrera egin" behar dela adierazi zuen udalak. Horretarako, zenbait ekimen eta ekitaldi daude, Berdintasun zerbitzuak antolatuta. Atzo aurkeztu zutenez, "bakarrizketak, bertsoak eta antzerkia uztartzen dituen Erredikalak ginen lanaren bitartez zenbait alderdiri umorez begiratzeko gonbidapena egiten digu Berdintasun zerbitzuak, betiere feminismoa zehar-lerrotzat hartuta: zahartzea, gorputzaren aldaketak, sexualitatea, merkatu patriarkala, beldurra, indarkeria eta beste".

Lantegiak ere badaude agendan, adibidez, gorputza, loditasuna, edertasun-kanonak eta argaltasuna lantzeko eta hauetan sakontzeko. Zineforuma Aves de paso filmarekin, feminismoa eta desobedientzia zibilari buruzko lantegia, hitzaldiak eta autodefentsa feminista 14 eta 18 urte bitarteko neskentzat osatzen dute egitaraua. Aurten ere -aurreratu zuten- "morez argiztatuko dira udaletxeko aurrealdea eta ohiko lekuak".

Jarduera guzti hauen inguruan informazio gehiago emateko eta jendartean ekitaldi guztiak zabaltzeko asmoz, Berdintasun zerbitzuak kartelak, biniloak, orri-markatzekoak eta poltsak egin dituela gogoratu zuten, mezua eta programazioa ezagutarazteko. Ohiko ikusizko euskarrietan, baita www.vitoria-gasteiz.org/igualdad web-orrialdean, eta Berdintasun arloaren Facebook eta Twitter kontuetan ere irudia argitaratuko dutela adierazi zuten.