GASTEIZ - Ikasleek euskarak pairatzen duen zaurgarritasuna ezagutzen duten arren, ez dute komunikatzeko erabiltzen. Hori da, behintzat, EHUko ikertzaile batek Bizkaiko eskola bateko ikasgela bateko ikasleen hizkuntza erabilera, nortasuna eta hizkuntzen arteko jauziak aztertu ondoren ateratzen duen ondorioa.

Zehazki, Bizkaiko herri bateko D ereduko eskola bateko ikasgela baten jarraipena egin du bi urtez UPV/EHUko Dream ikerketa-taldeko kide batek. Tarte horretan, aukera izan du ikasleen portaera linguistikoak sakon aztertzeko eta emaitza gela barneko etnografia bat izan da. Une eta talde jakin batean egindako argazkitzat jotzen du ikertzaileak egindako lana, baina datu oso interesgarriak eman ditu eleaniztasunak eskaintzen dituen aukerei buruz eta eleaniztasun horretan euskarak hartu beharreko posizioari buruz. "Etnografia bat egin nuen haiekin, hau da, azterketa sakon bat, eta haien hizkuntza-erabileren jarraipena egiteaz gain, elkarrizketak eta hizkuntzen arteko loturak sendotzeko zenbait esku-hartze egin nituen", azaldu zuen Eider Saragueta Garrido ikertzaileak. Izan ere, ikertzaileak nabarmendu zuenez, "inguruan, kaleko hiztunen artean, baina baita erakundeetan ere, kezka nabaritu dut euskararen erabileraren inguruan: nahiz eta gero eta jende gehiagok jakin euskaraz, erabilerak ez du neurri berean gora egin.

Hori dela eta, helburua izan zen argazki bat ateratzea, eskola batean eta momentu batean, ikasleen arteko hizkuntza-praktikak ezagutzea, euskara nola erabiltzen zuten bertatik bertara jakiteko". Saraguetak ez zuen, ordea, euskararen erabilerara mugatu bere ikerketa. Aitzitik, ikasleen identitatea ere aztertu zuen, arreta berezia jarriz zekizkiten hizkuntzek haien identitatean zuten eraginean. Halaber, gelako jarduera batzuk planifikatu zituzten, zeintzuetan translanguaging edo hizkuntzen arteko jauziak egiten baitzituzten. "Ariketa horietan, informazioa hizkuntza batean jaso eta beste batean eman behar zuten ikasleek. Hala, menderatzen duten hizkuntzaz balia daitezke beste bat ikasteko", argitu zuen.

Ikerketa oso sakona eta zabala izan zen, eta askotariko emaitzak eman zituen, baina Saraguetarentzat deigarriena izan zen "desoreka handia" aurkitu zuela "euskararen erabileraren eta kontzientziaren artean. Hau da, ikasleek jakin bazekiten euskara hizkuntza gutxitu bat dela, batzuek argi zuten galzorian dagoela? baina, hala ere, ez zuten euskaraz egiten".

Identitatea Identitateari dagokionez, aniztasuna aurkitu zuen ikertzaileak: "Ikasle batzuek bai, identitate zurruna zuten, eta soilik euskaldun gisa identifikatzen ziren. Beste batzuk, berriz, identitate malguagoekin lotzen zuten haien burua, identitate zabalago bat erakusten zuten; aipatzen zuten, adibidez, euskaldunak bazirela, baina baita Extremadurakoak ere hein batean, han familia zutelako. 10-12 urteko neska-mutilak beren identitatea modu horretan moldatzeko gai izatea, hau da, malgutasuna izatea aurrean duten egoerari eta uneari egokitzeko, eta horren kontzientzia izatea zerbait ona dela uste dut", nabarmendu zuen.

Zenbakia

2

urte.

EHUko dream taldeko ikertzaile batek Bizkaiko eskola bateko gela bat aztertu du bi urtez, eta bertan sakon aztertu du ikasleen hizkuntz portaera, eta horren emaitza ikasgela barruko etnografia izan da. Une eta talde jakin batean egindako argazkitzat jotzen du ikertzaileak, baina datu oso interesgarriak eman ditu.