Montehermoso hainbat ekintzatan ari da lanean, Kulturuneak praktika artistiko garaikideak sortzeko, ekoizteko, bitartekotza-lana egiteko eta hedatzeko erreferentziazko gune gisa duen zeregina indartzeko eta ikusarazteko. Zehazki, sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko deialdiak sendotuko dira, Kulturuneari eta arte garaikideari lotutako kultura-komunitatea sendotuko da, gobernantza parte-hartzailea ezarriko da, Mediateka bultzatuko da eta bitartekotza-programak indartuko dira.

Ekimen horiek 2024an 40.000 euroan lizitatu zen Sustapen Planean jasota daude. Plan hori Udal-taldeak eta EH Bilduk hitzartutako aurrekontuen zuzenketari lotua dago, eta 250.000 euroko zenbatekoa du. Erabilgarri dagoen gainerako aurrekontua dokumentuak proposatzen dituen ekintzak inplementatzeko inbertituko da.

Zehazki, txostenak Montehermoso eta haren nortasuna bultzatzeko 17 ekintza jasotzen ditu. Horietatik 6 lehenetsi dira eskuragarri dauden giza baliabideak eta bitarteko ekonomikoak eta materialak kontuan hartuta, eta 2025ean eta 2026an garatuko dira.

“Montehermosok ez du bere norabidea aldatu beharrik; funtzionatzen duen arte garaikideari eskainitako zentroa da eta erreferentea da gai horretan, baina Plan honek alderdi batzuk hobetu ditzakeela erakusten digu. Kultura Sailetik argi daukagu kultur zentro hau sustatu beharreko balioa dela, eta hala islatu genuen gure 2024-2028 Plan Estrategikoan. Horregatik, horretarako bidea eta bitartekoak zehaztuta ditugun honetan, esperimentazioaren, pentsamendu kritikoaren, sorkuntzaren eta talentuaren aldeko apustua egingo dugu zalantzarik gabe, horrexek definitzen baitu Montehermoso”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.