GASTEIZ - Gaur hasiko da Iruña-Veleiako aztarnategian ustez grafito batzuk faltsifikatzeagatik egingo den epaiketa, goizeko 9.30etan, hain zuzen ere. Grafito horiek historikotzat jo ziren bere garaian, euskararen agerpena zenbait mendetan aurreratzen zutelako. Gaurko saioa hiru akusatuen deklarazioetan oinarrituko da bereziki. Arabako Foru Aldundiak auzi hori sortu zuen kereila aurkeztu eta hamaika urtera iritsi da epaiketa hau.

Epaiketa Gasteizko Zigor arloko 1 zenbakiko epaitegian izango da eta hamar saio daude aurreikusita. Lehena gaur izango da prozesu horretan auzipetutako hiru lagunen deklarazioarekin, tartean Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiarena, eta otsailaren 18ra arte iraungo du.

Arabako Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Gilentzat, ondare historikoaren gaineko delitua eta agiri pribatuan faltsutze delitua egotzita, baita 7.200 euroko isuna ere eskatu du berarentzat. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren jabeak, kasu honetan ere akusazioa egiten duenak, zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri nahi dio Gileri, kalte eta iruzur delituak egotzita. Aldiz, haren defentsak libre gelditzea eskatzen du. Eliseo Gilekin batera, bere langile eta laguntzaile bat ere egongo dira beraien burua defendatzeko, zehazki, Oscar Escribano Sanz eta Ruben Manuel Cerdan.

Akusatuek epaitegira eramaten dituzten aurkikuntzak 2005ean eta 2006an aurkitu zituzten, Lurmen enpresaren kudeaketarekin, Gilek administratzailea zenaren enpresaren kudeaketarekin, hain zuzen ere. Antza, III., IV. eta V. mendeetako zeramikaz idatzitako grafitoak dira, 2006ko ekainean jendaurrean aurkeztu zirenean historikotzat jo zirenak, besteak beste, III. mendera aurreratzen zutelako euskararen agerpena eta kristautasunaren sarrera. Ordura arte ezagutzen zen lehen aztarna Donemiliagako glosetan bildutakoa zen, XI. mendekoa. Ustez, ordea, bi akusatuk egin zituzten. Fiskaltzak Oscar Escribano Lurmeneko langilearentzat Gilek duen kartzela zigor eta isun bera eskatu du. Ruben Cerdan hirugarren inputatuarentzat bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, iruzur delitua eta agiri pribatuak faltsutzea egotzita. Ministerio Publikoak eskatu du, halaber, Gilek eta bere langileak 285.600 euroko kalte-ordaina eman diezaiotela Eusko Jaurlaritzari kultur ondarean eragindako kalteengatik, eta hiru akusatuek erdi bana ordain diezaiotela Arabako Aldundiari 12.490 euro, erantzukizun zibilaren kontzeptuan.

Bere idazkian, fiskalak gogorarazten du Gilek Iruña-Veleiako aztarnategian indusketa arkeologikoak zuzentzen zituela 1994 eta 2008 artean, eta 2005eko ekainetik 2006ko ekainera bitartean berak eta inputatuetako batek aztarnategian aurkitutako 476 piezatan "kalteak" eragin zituztela, "ustezko balio historiko-kultural" batez hornitzeko asmotan. Hala, idatzi horretan adierazi duten bezala, pieza horien gainazala marraztu zuten, "haien gainean ustezko ezohiko idazkunak egiteko, benetako pieza berant-erromatarrak modu itzulezinean hondatuz", azpimarratu du.

Gainera, manipulatutako piezei ustezko fidagarritasun zientifikoa emateko eta, antza, ez zegokien ondare-onura bat lortzeko asmoz, Gil eta haren langilea hirugarren inputatuarekin hitzartu ziren, eta hark gezurrez adierazi zuen fisiko nuklearra zela, inoiz egin ez ziren analisietan oinarritutako piezen gaineko hiru txosten egiteko, betiere Fiskaltzaren arabera.

Txostenak Arabako Foru Aldundira bidali ziren eta 12.500 euro ordaindu zituzten, baina "salbuespenezko grafitoak" deiturikoen benetakotasun faltaren susmoa ikusita, 2008ko urtarrilean Aldundiak aholku batzorde zientifiko bat sortu zuen, egiazkoak ez zirela zehaztuz, eta 2009ko martxoan kereila aurkeztu zuen.

Ildo beretik, Fiskaltzak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak uste du ondareari eragindako kalteak 600 eurokoak direla kaltetutako 476 pieza arkeologiko bakoitzeko, hau da, 285.600 eurokoak. Arabako Aldundiak, berriz, zazpi urte eta sei hilabetera igo ditu Gilen aurkako zigorrak; Lurmeneko langilearentzat, berriz, hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du, kalte delitu jarraitua egotzita.

"Errugabeak" Epaiketak eta akusazioak aurrera jarraitzen duten bitartean, Iruña Veleia Argitu plataformatik hiru inplikatuen errugabetasuna mantentzen dute. Plataformatik adierazi zutenez, "akusatuak errugabeak dira ondareari kalte egin eta egozten zaizkien iruzurretatik": "Gaur egun ez da zientifikoki frogatu grafitoetako bat bera ere faltsua denik, eta are gutxiago auzipetuak horien egileak direnik", nabarmendu zuten.

Horrez gain, instrukzio luzearen ondoren akusatuek jasan dituzten "hamaika urteko aulki zigorra" ere salatu zuten. Horregatik guztiagatik, Iruña-Veleia Argitu plataformatik "harrituta" zeudela adierazi zuten, epaileak ez zuelako deklaratzera deitu kereila jarri zuen politikari, Lorena Lopez de Lacalle kultura diputatu ohiari, ezta faltsukeria ezarri zuten unibertsitateko irakasleei ere. "Ez dugu ulertzen zergatik sortutako egoeraren arduradun nagusiek ez duten ahozko ikustaldian agertu behar", adierazi zuten kolektibo horretatik, eta grafitoen egiazkotasunari buruzko beste txosten batzuk idatzi zituzten nazioarteko adituek ere baztertu dituztela adierazi zuten.

Bestalde, plataformatik berriro ere Arabako Foru Aldundiari eskatu nahi izan zioten karguak behin-behinean kentzeko eta analitika arkeometrikoak eta indusketa kontrolatuak sustatzeko, horiek baitira "auzia behin betiko argitu dezaketenak". Hala, euskal ondare kultural eta historikoa zaintzeaz arduratzen diren erakundeetara jo zuten, eta "kasua argitzerakoan inplikatzeko" eskatu zieten. "Kosta ahala kosta itxiera faltsua saihestu behar dugu. Egia ezagutu nahi dugu, edozein dela ere. Egia jakitea exijitzen dugu", adierazi zuten.

Eskaerak. Arabako Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Gilentzat, ondare historikoaren gaineko delitua eta beste iruzur bat egitea leporatuta baita 7.200 euroko isuna ere. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren jabeak, kasu honetan ere akusazioa egiten duenak, zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri nahi dio Gileri. Aldiz, haren defentsak beraren absoluzioa eskatu eta lortu nahi du. Gilekin batera, bere langile eta laguntzaile bat ere egongo dira.