euskara ikasi edo landu nahi duten guztiak hasi dira kurtso berria orain dela bi hilabete. Ikasle batzuentzat dena berria da; euskaldun guztion artean mantendu behar dugun altxorra ezagutu eta hurbiltzen hasi dira: euskarazko hiztegia, gramatika, mintzamena, entzumena, ahoskera,... Yanira, Cristina, Nerea, Inaxio, Yahya eta Yolanda dira Gasteizko Hizkuntza Eskolako A1 mailan euskara ikasten hastea erabaki duten ikasle batzuk. Eta Elisabeth, Nieves, Alberto eta Mayra dira Zaldiaran Plazan dagoen IKA euskaltegiko A2 mailan ikasten ari direnak. Eta haiek euskararekin izandako harremana kontatu digute.

Nahiz eta euskararen ibilbidea luzea izan, hasieratik etengabeko ahaleginean dabiltza euskara hutsetik ikasten dutenak. Haiek badakite ez dela prozesu automatikoa izango; bidean agertuko diren erronkei eta ardurei aurre egitea funtsezkoa izango da. Batez ere oso argi daukate hurrengo ideia: hizkuntzak komunikatzeko dira, eta komunikazioa baldin badago, helburua lortuta dago. Jarrera proaktiboa izanda, euskara askoz gehiago erabil daiteke. Eta haiek badakite euskara hutsetik ikasten hastea zaila dela, euskaraz ikasten ari denak esfortzu handia egin beharko duela egunero. Baina era berean, gogotsuz eta ilusioz sartzen ari dira bide berrian.

Gasteizko Hizkuntza Eskolara eta IKA euskaltegi batera joan gara hurbiletik ezagutzeko asmoz nortzuk diren ikasten hasi diren ikasleak, zeintzuk diren haien motibazioak, eta zergatik erabaki duten abentura horretan sartzea. Hizkuntza Eskolako euskararen ikasketan lehen urratsa egiteko gela batean 15-20 ikasle inguru biltzen dira astean bitan, goizeko 11.00etatik 13.00era. Nerea da irakaslea A1 mailan, eta hamar urte baino gehiago eman ditu euskara irakasten. Aurtengoa da lehenengo urratsan irakasten duen bigarren aldia, eta erronkari ilusio eta gogo handiz eutsi dio.

ezaugarriak aldatzen ari dira Gasteizko ikasleez gain, askotariko sorlekuetatik etorritako ikasleek osatzen dute gela hori: Kanariar Uharte, Errioxa, Zamora, Murtziatik, eta abar. Eta aniztasun horrek zer esan nahi du? Hemengo ikasleek ba al dakite euskaraz? Bai, badakite euskaraz. Nahiz eta euskara maila desberdina lortuta ateratzen diren ikastetxeetatik, euskaraz ezer ez dakien gaztea gero eta salbuespen nabarmenagoa da Euskal Herrian.

Datuen arabera, ikasleen ezaugarriak aldatzen ari dira. Gizartea euskaldundu den heinean, ikasleen maila altuagoa da eta askok euskara badakite, baina maila hobetu nahi izaten dute. Horregatik, ikasleen erditik gorak B2 eta C1 mailetan ematen du izena. Izan ere, maila baxuenak ez dira ikasle gehien dituztenak, aldaketa handia gertatu da maila altuagoen mesedetan. Ikasle askok beren gaitasuna hobetzea dute helburu, lotura zuzena baitago hizkuntza gaitasunaren eta hizkuntzaren erabileraren artean.

lana eta familia Gure lehenengo galderari erantzun diote: zergatik erabaki dute euskara ikasten hastea? Lana batez ere, eta familia dira motibazio nagusiak. Kanariar Uharteetatik etorri zen Yanira orain dela hamar urte. “En el trabajo la mayoría de mis compañeros hablan en euskera, y es lo que me ha motivado para empezar a estudiar”, adierazi du Yanirak. Murtziakoa da Cristina, eta orain dela bi urte baino gehiago hona heldu zen. Bere ikaskide Nerea Zamoratik etorri da. Biek oposizioak prestatzea pentsatzen dute etorkizunean, eta horregatik Gasteizko Hizkuntza Eskolan izen ematea erabaki dute euskaraz ikasteko eta perfilak lortzeko. Ahaztu gabe nahiz eta euskara izugarrizko erronka izan eta haiek lehenengo mailan izan, hizkuntzak mundu zabalago eta harreman berriak eskainiko dizkiela euskaraz hitz egiteko edozein lekutan (lanean, lagunartean, dendetan, umeekin,...). Biak ados daude lan handia egin beharko dutela bai eskolan bai kanpoan aurrera joateko. Nerearen kasuan, EGA titulua daukan koinatak etxean noizbehinka laguntzen dio zalantzak sortzen zaizkionean.

Gela berean Yahya gazteak ere ikasten du. Bere kasua oso desberdina da, institutuan euskara ikasi zuelako ikasgai moduan. “Ahora he decidido volver a estudiar euskera para recordar todo lo que aprendí en el instituto. Conozco algunas palabras y parte de la gramática, pero lo que está claro es que hay que trabajar todos los días porque si faltas a clase, te descuelgas y es muy difícil seguir el ritmo”, aipatu du Yahyak. Gasteizkoa da Inaxio, eta anbulantzia gidaria da. Nahiz eta Araban lan egin, noizbehinka Gipuzkoara joan behar du lanagatik, eta kasu horretan konturatu da euskaraz hitz egitea gero eta garrantzitsua dela. Yolandak, ordea, euskara ikastea erabaki du bere alabari laguntzeko asmoz etxeko lanak egiten. Haiek bide berriari eutsi diote klasean. Eta eskolatik kanpo hainbeste aukera berri izango dute: leku publikoetan lehen hitza euskaraz esan, lagunartean euskarazko esamoldeak erabili, aldizkariak eta liburuak euskaraz irakurri... Eutsi goiari! Euskara gure altxorra da eta gure ondorengoek erabil dezaten mantentzen saiatu behar dugu.