Gasteiz - Arabako ESIko ordezkaritza-organoek atera ziren atzo kalera San Martingo EAGaren behin betiko itxiera salatzera. Lehen mailako arretako batzordea, arreta espezializatuko batzordea eta enpresa batzordea bertan egon ziren, etengabeko arretarako gune honen irekiera eskatzeko.
Udan, San Martingo zerbitzu hau denboraldi batez itxi zen mediku baten faltagatik. Hala ere, urria heltzean, behin betiko itxieraren berri eman zuten Osakidetzatik.
Hamaika eta erdiak zirela, hogei pertsona inguru Olagibeleko anbulategira bertaratu ziren haien pankartekin,zenbait esaldi aho batez errepikatzen. “San Martingo EAGa ez itxi”, edo “Gaur San Martin itxi dute, bihar zure kontsulta”, entzun zitekeen euskaraz eta gaztelaniaz.
Kontzentraziora, gero eta jende gehiago hurbiltzen joan zen. Hogei pertsona hasi baziren, 50 pertsona inguru izatera heldu ziren denbora gutxian. Kalean zehar zebilen jendea ikustera gelditzen zen. Batzuk animoak ematera geratu ziren, haiekin kexuak partekatzeko. Paretak eta kristalak, kartelez beteta zeuden, San Martingo EAGaren itxiera bertan behera uzteko eskatuz.
Irekieraren aldeko esaldiak errepikatzen zeuden pertsonen artean, pazienteak ere bazeuden. Batek itxierarekin oso haserre zegoela adierazi zuen. “Behin etorri nintzen eta lau ordu eman nituen itxaroten. Jasanezina da hau. Gainera, Txagorritxura bazoaz, esaten dizute horretarako ezin zarela ospitalera joan”, azaldu zuen, biztanleriaren erdia babesgabe geratzen dela gogoratuz.
Mobilizazioan, Arabako ESIko ordezkaritza organoez gain, sindikatuetako ordezkariak ere egon ziren. Yolanda Riaño, ELAko lehen mailako arretako delegatuak, EAG indartsu bat edukitzea eskatu zuen, “osasun zentrotik kanpo, EAGa ez baita ospitaleko larrialdietara heltzeko aurreko pausoa”.
ESKren delegatua, Patxi Nicolau, ere hitz egin nahi izan zuen. Hark, azken kontratazio eskaintzan ez dela EAGrako mediku lanposturik eskaini iragarri zuen. Mediku baten faltaren aitzakiarekin gune hau itxi zutela gogoratu zuen, baina haiek bertan lan egiteko jendea badagoela ziur daudela esan zuen.
Rosa Ruiz de Arechabaleta, Arabako lehen mailako arretaren langileriaren batzordearen ordezkariak, jendea oraindik San Martingo EAGra hurbiltzen dela eta hau itxita aurkitzen dutela zioen, “komunikazioa ez baita arina izan”.
Nicolauk, Ruiz de Arechabaletak eta Riañok ados daude haien eskaera eta salaketetan. EAG honen itxiera, murrizketak eta gardentasun falta salatzen dituzte, eta hau lehenbailehen konpontzea nahi dute, gripea heldu baino lehen.
Pazienteekin batera, medikuek ere argi daukate San Martingo EAGaren itxierak, onurak baino, gaitzak ekarri dituela. “Beste lekuetako lankideek lanez gainezka daude. Izan ere, zuk ezin badiezu arreta eman, beste lekuetara doaz, Txagorritxura, adibidez, horrek dakarren kolapsoarekin”, zioen batek.
Itxieraren erabakia aldebakarrekoa izan dela diote, eta Arabako ESIko ordezkaritza-organoek azalpenak eskatzen dituzte orain, “San Martingo eta Zabalganako auzo elkarteak kezkatuta daudelako”.
Haien amorrua publiko egin zuten atzo Olagibeleko Anbulategiaren eskaileretan, denek aho batez San Martingo EAGa baldintza berdinekin berriro irekitzea eskatuz.
Gainera, hurrengo egunetan, auzo elkarteekin eta pentsionisten mugimenduarekin batzen saiatuko direla aurreratu zuen Patxi Nicolauk. Azken hauekin, azaroaren 16an ospatuko den mobilizazioan ere hartuko dute parte, haiekin batera pentsio duinak aldarrikatzeko.
Gripea Bestalde, egindako kontzentrazioan adierazi zuten gripea heltzen denean kolapsoak handiagoak izango direla. “Bi EAG zeudenean, kolapsoak pairatzen genituela zioen Osakidetzak. Orain, soilik gune batekin, Olagibelen dagoenarekin, areagotuko dira”, azpimarratu zuen Nicolauk. Rosa Ruiz de Arechabaletak hitz hauek berretsi zituen. “Hau gainkarga bat izango da ospitaleetako urgentzietarako”.
Arabako ESIko ordezkaritza-organoek zuzendaritzatik erantzun positibo bat jasotzea espero dute. “Jaso dezakegun erantzun pozgarri bakarra San Martingo EAGaren irekiera da”, azaldu zuten. Hori lortu arte, kalera irteten jarraituko dutela aurreratu dute. “Itxiera behin betikoa dela esaten digute Arabako ESIko zuzendaritzatik. Horregatik, mobilizatzen hasi gara, eta etorkizunean, hori egiten jarraituko dugu”, adierazi zuten.
Aurrekariak. Udan, San Martingo EAGa denboraldi batez itxi zen mediku bat falta zelako. Urrian, itxiera behin betikoa izango zela jakinarazi zuten.
Aldarrikapenak. Arabako ESI-ko ordezkaritza-organoek EAGaren irekiera eta nobedade guztiak gardentasunarekin komunikatzea eskatzen diote Arabako ESI-ko zuzendaritzari.
Mobilizazioak. Haien aldarrikapenak egi bihurtu arte, kalera irteten jarraituko dute. Auzo elkarteekin eta pentsionistekin ere hitz egingo dute.