GASTEIZ- Zabalganak bere lehen euskara elkartea sortu du dakizkitenen artean euskaraz hitz egiteko eta beren erabilera bultzatzeko asmoarekin. “Zabalgana auzo mailan euskaldunak elkartu nahi ditugu; batzuetan kosta egiten zaigu ingurune euskaldun batez inguratzea eta horregaitik erabaki genuen talde hau sortzea”, azaltzen du egunkari honetan Bergoi Madernaz, Zabalgana Euskara Taldeko Lehendakariak.
Taldea joan den apirilean sortu zen eta momentuz “talde txikia” dela aitortzen du Madernazek, nahiz eta orain ekintza berriak ari diren martxan jartzen taldea handitzeko. Taldeak sei jarduera inguru egin ditu orain arte. Altxorraren bila jolasa jokatzeko, abesteko edota umeekin parkean egoteko elkartu dira, berdin da plana, garrantzitsuena euskaraz hitz egitea eta gustura egotea da. “Ekintzen helburua familien artean euskaraz aritzea da; umeekin elkartzen garenean jolasen bat egiten dugu, adibidez, Altxorraren jolasa egin genuenean primeran pasatu genuen, eta euskaraz komunikatu ginen”, azaltzen du Madernazek.
“Ardo dastaketara aspaldidanik egin nahi nuen ekintza bat da. Azkenean ZET-en eskutik aukera izan nuen eta egia esan oso gustora egon ginen”, aitortzen du Gorkak, taldeko kidea. Gainera, Gorkak talde honekin elkartzea asko gustatzen zaiola aitortzen du ere. “Euskara taldea niretzat arnas gune bat da Gasteizen, duela hiru urte etorri nintzen hona bizitzera eta niretzat euskaraz bizi ahal izateak garrantzia handia duenez, beherala jarri nintzen euskalgintzan ziharduteen taldeen bila”. Bukatzeko, “nire auzoan euskara talde bat eratzen ari zela jakin bezain pronto interesa sortu zitzaidan”, aitortzen du.
IDEIA BERRIA Jada elkarte berri honetako parte-hartzaile asko euskara batzordetik ezagutzen ziren. Baina batzorde honen funtzionamenduak okerrera egin zuenean, talde berria sortzea erabaki ziuten: “Batzorde bezala sortu gabe, elkarte bezala sortu ginen”, zehazten du bertako lehendakariak. Arrazoia? “Elkarte batek babes legal bat ematen digu; egiturak erregistratu ditugu, zuzendaritza jarri, etorkizun batean bazkideak ere egoteko aukera egongo da?” esaten du.
Momentuz, taldea hazkunde- fasean dago eta euskarazko giroan erlazionatu nahi den edozein euskaldun euskal talde honetan parte hartu dezake. “Ez genekien zer egin, euskaldunak direnak sartu edo berriak ere? baina azkenean nahi duguna da euskara praktikatzen dugunok euskaldunok gure artean elkar ezagutzea eta euskara ahalik eta gehien suztatzea gure auzoan”.