gasteiz - Jai giroan euskararen erabilera sustatzeko eta euskaraz gozatzeko aukerak areagotzeko asmoz, GEU elkartearen txosnak egitarau osagarri bat antolatzen du, eta ahal den neurrian Gasteizko jaietan euskararen presentzia areagotuko duten jarduerak eskaintzen ditu. Adibidez, 2015. urteko jaietan GEUk proposatuta, Zeledonek euskaraz abestu zuen lehen aldiz.
Ildo honetan, GEU elkartearen arduradunek eskatzen diote Gasteizko Udalari “euskal kultura programatu behar duela jaietan, normaltasunez”. “Euskarak presentzia gehiago izan beharko luke Gasteizko jaietan, Machete plazatik haratago. Normaltasuna eman behar diote hizkuntzari jaietan ere”, aipatu du GEU elkarteko teknikari Oier Azkarragak. Bere ustez, ez dago euskararekin lotuta hainbeste ekintza jaietan.“Machete plazan eta txosnetan izan ezik, beste leku batzuetan ez da ia-ia euskararen presentzia nabaritzen. Normalean gaztelaniaz kontzertuak programatzen dituzte. Ez da euskaraz programatzen, ez da indarrik jartzen euskararen presentzia areagotzeko jaietan, Gasteiz osoan”.
Euskalgintzaren inguruan Ehunka lagun hurbiltzen dira urtero GEU txosnara Gasteizko jaietan. “Denetarik dago. Urtean zehar mintzalagun taldeetan ibiltzen diren lagun asko Machete plazara etortzen dira, eta euskararen aldeko ekimen desberdinetan parte hartzen duten asko ere txosnara hurbiltzen dira, edo euskalgintzatik mugitzen den jende asko,? Adibidez, Alde Zaharrean dauden lagun asko Matxete plazara hurbiltzen dira bertsoak entzutera, eta gero txosnan geratzen dira pote batzuk hartzeko”, aipatu du GEU elkarteko Oier Azkarragak. - B. Martín