gasteiz - Milaka euskaltzale bildu ziren atzo Gasteizen Araba Euskaraz jaiaz gozatzeko eta, batez ere, euskara bultzatu eta Armentia ikastolari laguntzeko asmoz. Gertu lelopean, eguraldiak harrera ona egin zien Euskal Herri osotik etorritako familiei, eta goizetik jendez beteta izan ziren zirkuituaren lau zonaldeak (Prado parkea, Mineral inguruak, Armentia ikastola eta Armentiako zelaiak). Arabako ikastolen aldeko jaian bildutako dirua beka-sistema bat sortzeko erabiliko du Armentia ikastolak.

Aurpegia margotuta eta poz-pozik, Asierrek primeran pasatu zuen Prado parkean Mari Carmen eta Aurora amamek lagunduta. “Buelta bat ematera etorri gara, eguraldi oso ona eta giro oso polita da”, adierazi du Aurorak. Bere ustez, umeei euskara transmititzea oso garrantzitsua da. “Gaur egun Asier haurreskolan dago, eta berak badaki zeozer euskaraz. Bilobak gero eta gehiago euskaraz ikastea espero dugu”, aipatu du Asierren amamak.

Ibon eta Ainara ailegatu ziren Prado parkera goizean Izaro alabarekin, ikastolari diru-laguntza emateko eta jaiaz gozatzeko, besteak beste. “Giroa oso dibertigarria da, gero kuadrillarekin bilduko gara eta ondo pasatuko dugu egun osoan”, esan zuen Ainarak.

Idoia, Garazi, Larraitz, Andrea, Laida eta Idurre bildu ziren goizean Prado parkean sekulako giroan, jai egunaz disfrutatzeko eta euskara bultzatzeko. Kontzertuak izan ziren nagusi Gasteizko nerabe horien planen artean. Armentia ikastolako lagunek askotariko egitaraua eta adin guztientzako jarduerak prestatu zituzten atzo; musikari dagokionez, Joselu Anaiak, Skabidean eta Ze esatek! taldeen kontzertuak izan ziren, besteren artean.

Nerea, Ivan, Zuhaitz eta Udanek primeran pasatu zuten atzo Araba Euskaraz jaian. “Eguraldi oso polita eta aproposa da Araba Euskaraz jaia ospatzeko umeekin”, aipatu du Nereak. Arabako ikastolen aldeko jaia nahiko hurbil antolatzen badute, Gasteizko familia hori parte hartzen saiatzen da, adibidez, pasa den urtean Argantzun egon ziren. Txikienei zuzendutako ekitaldietan hartu zuten parte atzo, hala nola puzgarriak, pailazoak eta tailerrak, sagardoak eta bokatak ahaztu gabe bazkaltzeko, noski!

hurrengoa, Amurrion Eneko, Amagoia, Mattin eta Heiko Amurriotik hurbildu ziren Gasteiza giro ederrean, hizkuntzari bultzada sendoa emateko euskararen alde daudelako. Oso pozik zeuden hurrengo Araba Euskaraz jaia Amurrion izango dela jakin ondoren. Datorren urtean Amurrion ospatuko dute Arabako ikastolen jai handia, eta Aresketa ikastolak antolatuko du. Atzo lekukoa hartu zuen, eta auzolanean oinarrituta, 2020ko jaia prestatzeari ekingo diotela aurreratu zuten ikastolako ordezkariek.

Jaione, Juan Ignacio, Ainhoa eta Unaik zirkuito osoa egin zuten goizean, eta Prado parkean atseden hartu zuten arratsaldean ibilbidea jarraitzeko asmoz. “Hemen gaude euskarari indarra eman nahi diogulako”, esan du Jaionek. Gasteizen bizi den Altsasuko familia honek urtero hartzen du parte Euskal Herriko euskararen aldeko jaietan (Kilometroak, Araba Euskaraz, Ibilaldia, Nafarra Oinez eta Herri Urrats).

Olabide ikastolako Irati eta Edurne lagunekin bildu ziren Prado parkean egun osoan zehar euskara bultzatu nahi zutelako, eguraldi ezinhobeak lagunduta. Armentiako zelaietan bazkaldu zuten, eta arratsaldean Joselu Anaiak taldeak eskainitako kontzertuan izan ziren. Gasteizko gazte horiek euskararen aldeko jaietan urtero parte hartzen saiatzen dira.