gasteiz- “Euskaraz bizi nahi dugulako, euskara babestu behar dugu gure hizkuntza delako, lanean eta egunerokotasunean euskaraz bizi nahi dugulako, ...”. Mila arrazoi zeuden atzo Gasteizera hurbiltzeko hainbeste herritatik, besteak beste Ondarru, Galizia, Malaga, Urretxu eta Erandiotik. Milaka familia eta lagun bildu ziren Andre Mari Zuriaren Plazan goizeko hamabiak aldera Korrikaren azken kilometroei bultzada emateko asmoz. Ondarrutik etorri zen Asier Alkorta euskararen aldeko lasterketan parte hartzeko. “Gasteizera larunbatean ailegatu nintzen lagunekin euskara babesteko, 365 egun euskaraz bizi nahi dugulako, eta gure eskubidea delako”. Festa giroa izan zen nagusi atzo Gasteizko kaleetan, eta eguraldiak asko lagundu zuen. Baina ahaztu gabe Gasteizera hurbildu zirenek aldarrikapenak ere egin nahi zutela. Rosa, María, Sandra eta Edurnek oso argi zeukaten zein zen haien desioa, beti hizkuntza minorizatuen indartzearen alde egotea. “Yo soy de Galicia, y aunque no entiendo el euskera, estoy aquí porque es fundamental apoyar las lenguas minoritarias para que no desaparezcan”, adierazi zuen galiziar gazte batek.

ohiturak mantendu Lagun talde batekin etorri zen Gasteiza Imelda (Irama, Eneko, Raquel, Yashira, Unax, Eneka, Enara eta Joseba). Bere ustez, Korrikan parte hartzea oso garrantzitsua izan da hizkuntza ohiturak mantentzeko euskararen alde. Euskara erabiltzeak duen garrantziaz jabetu eta esfortzu txiki bat egitea besterik ez da. Baina egun berezietan euskaraz egitea ez da zailena, aldaketa egunerokotasunean eragitea baizik. Horregatik, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzea da helburu nagusia euskaltzaleentzat eta euskaldun berrientzat.

Umeei begira, Imeldak adierazi zuen “euskararen aldeko joera gure haurrei transmititzea beharrezkoa dela”. Beraiek etxean jasotzen dutena barneratzen dutelako. Eta Urretxuko Mikeli ere iruditzen zaio hizkuntzarekiko errespetua seme-alabei transmititzea ezinbestekoa dela. Gasteizera hurbildu zen Araitz eta Goiatzek lagunduta. Seme-alabek euskaraz ikasteko eta hitz egiteko, gurasoek ere erabili behar dute hizkuntza. Etxean euskal giro hori ikusi behar dute, etxeko joerak umeentzat eredu izaten direlako.

“Euskalduna naiz eta euskararen alde nago” Andre Mari Zuriaren Plazan bukatu zen Korrikaren edizio honen 2.500 kilometroko ibilbidea, eguerdiko 12.30etan. Arabako hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Gasteizko Dato kaletik sartu zen karabana koloretsua plazan, eta amaiera ekitaldia bertan izan zen. Azkenik Arabako hiriburuan jakin zuten euskaltzaleek lekukoaren barruan milaka kilometro egin dituen mezua eta nor den bere egilea, Maialen Lujanbio. Hamaika egunez sekretupean mantendu duten mezua irakurri zuen bertsolari hernaniarrak, Gasteizko amaiera-ekitaldian eta milaka pertsonaren aurrean.

Ismael eta Raúl Andre Mari Zuriaren Plazan zeuden Korrikaren zain. “Bizkaitarra naiz baina Gasteizen bizi naiz. Euskalduna naiz eta euskararen alde nago, horregatik hemen nago Korrikaren zain”, aipatu zuen Bizkaiko gazteak. Malagako lagun batekin hurbildu zen hiriko erdigunera adierazteko zein den Korrika eta zeintuzk diren euskaldunen aldarrikapenak euskararen alde.

Erandiotik Gasteiza etorri ziren Jon, Cris, Jokin, Itsaso, Idurre, Egoitz, Juantxo, Itsaso, Koldo, Janire eta Nekane gurasoak. Eta Leire, Garazi, Haizea, Danel, Izaro, Markel, Enara, Lur eta Egoitz umeak. “Oñatin eta Erandion egon gara Korrikan parte hartzeko asmoz, eta gaur Gasteizen”, adierazi zuen taldeak.

Aurtengo mezuaren egileak, Maialen Lujanbiok, plazaratu zuen lekukoaren barnean iritsitako testua Gasteizen, Garestik atera eta 11 egunetara. Azken hamaika egunotan lekukoak 2.560 kilometro egin ditu.

Horren ondoren, AEKren koordinatzaile nagusiak, Mertxe Mugikak, bota zituen AEKren izenean 21. Korrika bukatu ondorengo lehen hitzak. Edurne Azkarate eta Aitziber Perez de Karkamo kazetariek gidatu zuten Gasteizko amaiera-ekitaldia. Iñaki Viñaspre Arabako bertsolari txapelduna igo zen oholtzara; eta VTR eta Urduri taldeek mundu osoa dantzan jarri zuten aurtengo Korrikaren abestiarekin. Horiekin batera, Josune Fernandez dantza-txapeldunak ere hartu zuen parte ekitaldian.