Gasteiz - Datorren kurtsoa hastear dagoenez matrikulazio kanpainan erabat sarturik daude euskaltegiak. Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte ikasturte honetan. HABEren datuen arabera, 1986az geroztik, 460.000 herritar ezberdin izan dira uneren batean euskaltegiren batean matrikulatuta. Pasa den 2017-2018 ikasturtean, 34.225 ikaslek eman zuten bere izena 103 euskaltegietako batean. Zehazki, ikasleen %80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena. Eta ikasleen erditik gorak B2 (%25,11k maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (%28,8) mailetan eman zuen izena. Aipatutako ikasketa-zentroetan, 1.300 irakaslek lan egiten dute. Datu hauek kontuan hartuta, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du maila baxuenak ez direla ikasle gehien dituztenak; aldaketa bat gertatu da maila altuagoen mesedetan. Euskaltegietako ikasle askok beren gaitasuna hobetzea dute helburu, lotura zuzena baitago hizkuntza-gaitasunaren eta hizkuntzaren erabileraren artean.
Datorren kurtsoa hastear dagoenez, zeintzuk izango diren kurtso honetako erronka edo helburu batzuk jakitea gustatuko litzaiguke. Hasteko, zeintzuk dira gaur egungo ikasleen ezaugarriak (adina, lanbideak,?)?
-Ikasleen ezaugarriek lotura estua dute ikasle kopuruarekin, eta ikasle kopuruak azken urteotan zertxobait egin du behera; baina, gure ustez, koiuntura-arazoengatik apaldu dira. Batetik, arrazoi ekonomikoengatik: ezin dugu ahaztu oso krisialdi luzea pasatu dugula, eta, krisialdi guztietan gertatzen den bezala, krisialdiaren lehendabiziko urteetan, jendeak, nolabait, bere burua prestatzen inbertitzen du dirua, eta euskaltegietako matrikulazioak gora egiten du. Baina krisiak irauten badu, prestakuntza-gastuak ez dira ezinbestekoak, eta hortik murrizten dira gastuak. Bestetik, arrazoi demografikoak ere badira. Kontuan hartu behar dugu baby boom-eko belaunaldia adinean aurrera doala eta, momentuz, ikasteari uzten diola eta jaiotze tasaren apaltzearekin batera gazte gutxiago dagoela.
Zeintzuk dira ikasleen motibazioak euskara ikasteko (oposizioak egiteko, hizkuntza berria ikasi nahi dute, edo euskal kultura ezagutzeko,...)
Ikasle tipologia aldatu da, baina hori, berez, ez da ezer txarrik. Gaur egun, batez ere lana lortzeko edo hobetzeko hasten dira ikasten herritarrak. Baina horrek esan nahi du bestelako motibazioak zituzten ikasleek edo ikasle posible horiek jada, nolabait, bete dituztela beren beharrak, hau da, horietako asko euskaldundu direla eta ez dutela euskaltegien beharrik. Eta, gainera, behin hasita, ikasle askok motibazio afektiboengatik segitzen dute. Bestalde, azpimarratu behar da aurreko hamarkadetan ez bezala ikasleak maila bat hartuta datozkigula euskaltegietara, jende gutxiago abiatzen da zerotik, eta ikasturte gutxiago ematen dituztela euskaltegietan edota modulu arinagoak aukeratzen dituztela. Eta hori, berez, pozgarria da zeren euskaltegiok GKE batzuen antzekoak gara: daukagun helburu edo misio nagusia da noizbait desagertzea, hau da, gizartean gure beharrik inork ez izatea.
Nola moldatu behar du euskaltegiak ikasleen beharrak erantzuteko, hau da, ea kurtso berriak antolatu behar diren, ordutegi desberdinak...
-Behar horiei erantzuteko modulu arinagoak eta ordutegi zabalagoak eskaintzen ditugu. Garai batean, eguneroko ikastaroak ziren nagusi: 2, 3 edo bost ordu egunero-egunero. Gaur egun, horiei eusten diegu eta onarpen handia daukate, baina, horietaz gain, eskaintza dibertsifikatu egin dugu: astean bi edo hiru egunetan, asteko egun bakar batean (ostiraletan edo larunbatetan) bost ordu; eta garai batean pentsaezinak ziren ordutegietan ere hasi gara ikastaroak eskaintzen, adibidez, goizeko zazpietan ordu eta erdiko ikastaroak...
Zeintzuk dira euskararen erronkak Araban. Zenbat eta gazteago, gehiago erabiltzen da euskara. Hala ere, adin talde guztietan ari da erabilera jaisten....
-Ezagutza datuak gero eta hobeak dira, zenbat eta gazteago hainbat eta euskaldun kopuru handiagoa dagoelako. Erabilera, berriz, Araban gero eta handiagoa da (Gasteiz da hiriburu bakarra non erabilera handitu den), baina ez dator bat ezagutza mailarekin. Garai batean pentsatzen zen eskolan euskara jasotze hutsez euskaldunduko zela populazioa. Garbi dago hori ezinezkoa dela: ikasleen eskolako errealitatea eta eskolaz kanpoko errealitatea bat etorri behar dira. Ikasleen gurasoak eta gurasoen familiakoak eta haien lagunak ere euskaldundu behar dira; alegia, helduak ere euskaldundu behar dira, eta horretan euskaltegion lana funtsezkoa da. Araban ikaragarri egin dugu aurrera oso denbora gutxian, baina, oraindik ere, arabarren %62,4 erdaldun elebakarrak dira (Gasteizen, %63,8).
Euskararen ezagutza hedatu egin da Euskal Herri osoan. Elebidunen kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Eta euskararen aldeko jarrera ere handitu egin da azken bi hamarkadetan. Gainera, euskaldun gehiago daude gazteen artean, baina gutxiago erabiltzen dute euskara.
-Gazteen artean ere, ezagutza-mailan sekulako aurrerakada izan badugu ere, Bigarren Hezkuntzan ia-ia %43k A ereduan ikasten dute, batez ere Lanbide Heziketan, baina nabarmentzeko moduko datua da: ia-ia %43k A ereduan ikasten du, eta B ereduan %20k. Horren harira gogoratu behar da B eredu mota asko daudela eta, askotan, A eredu indartua besterik ez dela. Eta datuek garbi asko uzten dute gaur egungo ikastereduek huts egiten dutela ikasleek euskara maila txukuna bereganatzeko ahaleginean.
Atzerritarren presentzia nabarmendu egin omen da gure gizartean. Gero eta gehiago dira euren borondatez euskara ikasten duten etorkinak.
-Mundu zabaletik datorkigun jendea daukagu, eta datozen urteetan gero eta gehiago izango direlako zantzuak badira. Horiengana ere heldu beharra dago; horiengana heldu nahi dugu, eta euskarara ekarri. Gauzak horrela, garbi dago Arabako erronka nagusiak erabilera eta ezagutza, ezagutza eta erabilera, biak handitzea direla, eta etorkizunean ere izango dela euskaltegion beharra.
Datorren egunotan Euskal Herriko herritarrek aukera oso polita izango dute: Euskaraldian parte har dezakete. Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean eta gizarte etxe guztietan egongo da izen emate aukera, Internetez gain, udazkenean, hamaika egunez, egingo den euskararen aldeko ekimenerako. Nola lagunduko digu Euskaraldiak?
-Euskaldun askok bultzadatxo bat behar dute berez dakiten hori praktikan jartzeko eta bere buruari demostratzeko gai direla euskaraz bizitza arruntean egiteko. Euskaraldiak marko egokia eskaintzen digu horrelako erabakiak samurrago bideratzeko. Eta, zer arraio, Euskaraldiak euskaldunok elkar ezagutzeko eta harreman interesgarriak egiteko aukera emango digu! Beraz, parte hartu, oso aberasgarria izango da-eta!