gasteiz - Ezaguna da Europar Batasunean gazteen urritasuna, baina Araban soilik herritarren %13,1ak 15 eta 29 urte bitarteko adina dauka. 90. hamarkadan izandako jaiotza bolumen urriaren ondorioz, egun gazteek presentzia mugatua dute lurraldean. Gazteen gabezia oso nabarmena da Trebiñun, Kanpezun eta Añanan.

Gaindegiak Arabako kuadrillen izugarrizko azterlana egin du. Bildutako hainbeste datuk lurraldearen erradiografia bat ematen dute. Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduren ekimenez Gaindegiak egindako Arabako Lurralde iraunkortasunerako diagnostikoa aurkeztu zuten.

Arabako kuadrillen argazki sozioekonomikoa egitea izan da lan horren xedea. Konklusioen artean honako hau agertu da: lehen ikusi bezala, gazteen urritasuna lurralde osoari eragiten dion fenomenoa da. Hau da, Araban gazteen presentzia ez da bereziki handia (%13,1) aipaturiko herrialdearen bilakaera demografiko orokorragatik.

Ezaugarri hori alde batera, lurralde ikuspegitik gazteen presentzia ahula da Trebiñu eta Kanpezuko kuadrilletan, non gazteak (15-29 urte) biztanleriaren %10a izatera ez diren heltzen. Añanan ere, gazteen presentzia nahiko ahula da, baina zertxobait indartsuagoa (%11,3).

adineko jendea Beste aldetik, eta aipaturiko egitura demografiko zahartuan, egun arabarren %19,8ak 65 urtetik gorako adina dauka (Europar Batasunean proportzioa parekoa da). Hau da, Araban bost herritarreko adineko bat dago, eta datorren hamarkadan zahartze tasa indarrez handitzea espero da.

Zahartze tasa txikiena Trebiñun ematen da, eta biziberritze demografikorik egon izanaren zantzurik ez dagoenez, adinekoen alde egiteko joerari erantzuten dio. Kanpezuk eta Aiarak dute, ordea, zahartze tasa handiena, landa-eremuaren eta 60-70ko izaera industrialeko eremuaren gaitz moduan, hurrenez hurren. Azken urteotako migrazio joerak lagungarriak dira bizigarritasunaren gaineko lurralde desorekak ulertzeko. Ildo horretan, Gasteiz eta Trebiñuko kuadrillek migrazio joeren lurralde polarizazioaren bi muturrak ordezkatzen dituzte: 2012/16 epealdian kuadrilla gehienetan migrazioen ondorioz biztanleria galdu da, eta herrialdean, huste joera horren adibide lazgarriena Trebiñuk ordezkatzen du. Bitartean, Gasteiz saldo positibo garbia izan duen kuadrilla bakarra da.

biztanle gutxiago Aipatu bezala, 2012az geroztik Trebiñuk galdu du biztanleria proportzio handiena, nagusiki erroldaturiko biztanleriaren %8,7ak alde egin duelako. Biztanleria galera apalagoa baina kontuan hartzekoa izan da ere Kanpezun (-%4,7). Kuadrilla bietan, 35-64 urte bitarteko, eta batez ere, adineko biztanleriak alde egin du, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago. Añanak, ordea, ez du biztanleriaren ihesirik pairatu, ez behintzat azken lau urtetan, nahiz eta Trebiñuk bezala, biztanleriaren erroldan alta eta baja ugari erregistratu.

Euskal Herriak 2012. urtean izan zuen inoiz izan duen biztanle kopururik handiena (3.112.032). Geroztik kopuru hori apaltzen ari da urratsez urrats. Euskal gizartearen egitura demografikoari erreparatuz, Gaindegiak adierazi du 2030. urtean Euskal Herriak egun baino 100.000 biztanle gutxiago izateko bidea hartu duela (-%2,9).

trebiñu Oso kezkagarria da Trebiñuk duen belaunaldi oreka. Kuadrilla honetan, zahartze tasa oso apala bada adinekoek bertatik alde egiteko duten joeraren ondorioa da. Hipotesi moduan, pentsa daiteke zerbitzuen eskuragarritasun eskasa edo mugatu batek artikulatzen dituela halako migrazioak, justuki Gorbeialdean eta Gasteizen gertatzen denaren kontrakoa. Modu batean ala bestean, Araba osoan 35-49 urte bitartekoak herritarren %25a badira, Trebiñuko kasuan biztanleriaren %36,8a osatzen dute. Hau da, 35 eta 49 urte bitarteko belaunaldiak dira bolumenean garrantzitsuenak herrialdean.

Honek Arabako kuadrillen artean jaiotza eta ugalkortasun tasa handiena Trebiñun kokatzea eragin du azken urteetan, momentuz jaiotza eta heriotzen arteko saldo positiboa utziz. Nolanahi ere, 35-49 urteko biztanleriaren ordezkapenerako belaunaldiak erabat desagertuta daude. Hori dela eta, etorkizunean lan-eskuaren ordezkatze oso kaxkarra izango da.

haurrak Aipaturikoa kontuan hartuta, Gorbeialdea salbu, Arabako kuadrilla guztiek dute datozen urteotarako haurren ordezkatze sendoa. Udalerri mailan, ordea, Harana, Zuia, Iruraiz-Gauna, Mañueta, Bilar, Urizaharra edo Zalduondok, egungo haur kopurua ordezkatzeko gaitasun apala izango dute. Bi udalerritik bat egoera honetan da, kasu guztietan udalerri txikiak dira.

Moreda Araba, Añana, Eskuernaga, Lagran edo Navaridasen egungo gazteen bolumena ordezkatzeko zailtasun handiak izango dira datozen hamabost urteetan. Baina ordezkapenerako zailtasunik ez dago Arabako udalerrien %74an.

errenta Azken urteotako testuinguru ekonomikoaren gorabeherek maila sozialean ondorioak eragin dituzte, eta besteak beste, 2009/2014 epealdian Arabako herritarren bataz besteko erosahalmena 3,2 puntu murriztu egin da. Lurralde ikuspegitik, ordea, bi elementu azpimarratu behar dira. Batetik, herrialdeko geografiaren arabera herritarren bataz besteko erosahalmena desberdina da. Hala, Arabako bataz besteko errenta handiena Gorbeialdean kokatzen da, eta txikiena, Arabar Errioxan. Bi kuadrilla hauen artean kokatzen dira gainontzeko kuadrillen errenta maila, landa-eremukoak errenta apalagoa izateko joera dutelarik (Añana eta Kanpezu). Bestetik, azken urteotako herritarren erosahalmenaren uzkurtzea desberdina izan da kuadrilla batetik bestera. Añanako bataz besteko errentak izan du jaitsiera handiena, eta Lautada eta Gasteizko kuadrilletan ere, jaitsiera oso nabarmena da.

Herritarren errentari erreparatzerakoan kuadrillen barne desorekei so egin beharra dago ere. Zentzu horretan, joera gisa herritarren arteko oreka sozioekonomikoa handiagoa da landa-eremuan eremu urbanoetan baino. Joera horretan salbuespena litzateke Arabar Errioxa, non errenta desoreka garrantzitsuak daude. Edonola ere, Arabar Errioxan bezala, joeraz Arabako hegoaldeko landa-eremuan herritarren arteko oreka sozioekonomikoa ahulagoa da oro har.

Oinarrizko zerbitzuak Arabako hiriburuan biltzen dira herrialde mailako estaldura duten zerbitzu eta ekipamendu gehienak. Aipatzekoa da iparraldeko kuadrillek zerbitzu horiekiko irisgarritasun handiagoa dutela, izan hiriburuarekiko gertutasunagatik zein Bizkaia eta Gipuzkoarekiko lotura ardatzetan biltzen diren zerbitzuengatik. Hegoaldean, ospitale, Lanbide edo lanbide heziketako zentroak Arabar Errioxan daude soilik. Añana, Kanpezu eta Trebiñuk zerbitzuen gabezi nabarmena dute.