gasteiz - Gasteizko euskararen datuak hobetzen ari dira; gero eta pertsona gehiagok dute euskaraz aritzeko gaitasuna. Bihar, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren inguruan Euskararen Astea antolatzen ari da Gasteizen. Hainbat talde euskaltzalek oso argi daukate zein den helburua, euskaraz bizitzen saiatu behar dugu, eta kalean euskara gehiago entzun behar da. Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urteotan. Haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak; horien ostean, gazteak (%12,3); ondoren, helduak (%11,5); eta, azkenik, adinekoak (%8,1).
Gasteizko kaleetan euskararen erabilerak gora egiteko helburuarekin, Bai Euskarari Elkarteak kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri du hirian Udalaren babesarekin, LehenHitzaEUS kanpaina. Euskaraz dakiten eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea da erronka, lehen hitza euskaraz eginez, bai Gasteizko ostalaritzan bai merkataritzan.
Gertutasuna, konfiantza, tokikotasuna eta komunitatea dira, besteak beste, kontutan hartzen diren ezaugarriak erosketa prozesu batean. Eta euskarak horien guztien bermatzailea da. Beraz, euskarak kontsumo bide berriak irekitzen ditu, balioan eta bezeroarengan oinarriturikoak.
bezero berriak erakartzea Zein da LehenHitzaEUS kanpainaren helburu nagusia? Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea.
Etorkizuna, gainera, euskaraz dator eta horri erantzun egokia eman behar zaio arlo guztietan. Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak uste du merkataritzaren eraginak garrantzi berezia duela (zerbitzu hizkuntza, hizkuntza paisaia...) “biztanle guzti-guztiongana heltzen delako”. Gutiérrezen ustetan, ez da oso sektore euskalduna eta, oro har, ez du hizkuntzaren aldagaia behar bezala lantzen. Dena den, Gasteizen praktika egokiak egon badaude, eta horien adibidea baliatu dezakete gainerako establezimenduek.
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak aipatu du bezeroen eskaeratik etor daitekeela euskararen presentzia eta erabilera sustatzea. Horregatik, kontsumitzaile irizpidedun aktiboak behar dituzte, aldaketa eragiteko.
beldurra eta lotsa gaindituz Bai Euskarari Elkarteak ekarpena egin nahi du Gasteizko kontsumo harremanetan euskara txertatzeko, euskarak eskaintzen dituen abantailak erakutsiz eta beldurra eta lotsa gainditzeko laguntza eta baliabideak eskainiz. Establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea da bere helburua, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.
Gasteizko euskararen mapa da proiektu honen muina. Bai Euskarari Ziurtagiridunek osaturiko merkataritza planoa gizartearen eskura jarriko dute, euskarazko kontsumoa errazagoa izan dadin. Era berean, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduak mapan gehitzera animatu nahi dituzte, euskara negozioan txertatzeak dituen onurak ikustaraziz.
Beraz, alde batetik, euskarazko kontsumoa sustatuko dute kontsumitzaileen artean eta, bestetik, euskarazko eskaintza areagotzea bilatuko du pixkanaka handitzen joango den Gasteizko euskararen mapak.
Merkataria bazara Euskararen erabilera erraztu nahi dute Gasteizko establezimenduetan eta, horregatik, horietan lanean ari diren pertsonei bereizgarri bat erabiltzea proposatuko zaie. Horren bitartez, kontsumitzaileak euskaraz egitera gonbidatuko dira. Bi eredu egongo dira: euskaraz lan egiteko gaitasuna dutenek soinean “Euskaraz?” bereizgarria eramango dute, bezeroak jakin dezan euskaraz aritu daitekeela berarekin. Bigarren eredua, “Euskaraz? Poliki, mesedez” izango da, ikasten ari diren saltzaileentzat edo euskaraz aritzeko erabateko segurtasuna ez duten langileentzat. Bi kasuetan, kontsumo harremanetan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea izango da helburua.
Kontsumitzailea bazara Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari ere, eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaintzen dizkio, esate baterako, Gasteizko euskararen mapa eta baduzu.eus. Zergatik kontsumitu euskaraz? Harreman-hizkuntza delako, konfiantza eskaintzen diolako kontsumitzaileari eta kalitatearen ikurra delako.
Kopurua. Araban euskaldunen kopurua hirukoiztu egin da azken 30 urteetan.
Sustapena. Araban euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera: %53,4.
Bezeroak. Saltoki, enpresa eta administrazioan euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko bezeroen nahia errespetatzearekin ados: %88.
Euskaldunak. Araban euskaldunak + euskaldun hartzaileak (16 urtetik beherakoak kontuan hartu gabe): %37,6.
Erabilera. Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urteotan. Haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak; horien ostean, gazteak (%12,3); ondoren, helduak (%11,5); eta, azkenik, adinekoak (%8,1).