Euskararen Nazioarteko Eguna atea joka dugu, datorren abenduaren 3an ospatuko da Araban eta Gasteizen. Egun bakar batean ezinezkoa izango litzateke antolatutako ekintza guztiak biltzea, hortaz, azken egunotan Euskararen Asterako diseinatutako ekitaldi-egitaraua ospatzen ari da. Atzo izan zen Gasteizko Euskararen Ginkanaren finala, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta.
Partehartze arrakastatsua izan du Gasteizko Euskararen Ginkanak bere hirugarren edizioan. Izan ere, guztira 56 gazte aritu dira, 14 taldetan elkartuta, euskarari hauspoa ematen modu dibertigarrian. Oihaneder Euskararen Etxean hasi zen Ginkana goizeko 11.00etan eta honako lau taldeek elkarren arteko lehia egin zuten: Kalamardoak (Olabide) izan zen talde irabazlea, eta hurrengoak izan ziren Amets Gaiztoak (Los Herrán BHI), Bulkaneros (Carmelitas Sagrado Corazón) eta Malakasa (Armentia).
Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin (mundu mailako begiradatik, tokiko begirada eta hizkuntza praktiketara egin da salto) eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izan zituzten Gasteizko Euskararen Ginkanako talde lehiakideek.
Euskara erdigunean izanik, DBH 3, 4 eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta egon zen. Ginkana oso dibertigarria izan zen, batez ere taldeka parte hartu zutelako eta sariak erakargarriak zirelako: guztira 1.600 euro zeunden jokoan finalisten artean bonosaritan.
Euskararen Ginkana hirugarren edizio honetan Gasteizko Udala ere antolatzaile izan dute, Euskaltzaleen Topagunearen koordinazio lanaren laguntzaz. Gazteek hainbat proba egin dituzte. Lehenengo faseak bi hilabete iraun ditu, eta Internet bidezko lau froga izan dira. Proba guztietan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeek jokatu dute bigarren fasea.
hizkuntza aniztasuna Euskara, hizkuntza aniztasuna eta hizkuntza-ekologia izan dituzte gaitzat aurten probek. Gasteizko gazteek txapela kentzeko moduko lana egin dute Ginkanan zehar. Lehenengo proban zehar, ikasleek euren buruei galdetu diete hizkuntzak eta ekologiak zerikusirik duten ala ez, edo zer diren hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna. Lehen proba horrekin, gazteek argiago ikusi dute zer diren hizkuntzak eta hauekiko harremana ekologiaren ikuspegitik aztertu dute. Bigarren proban, azaroan garaikoak diren produktuak aukeratuz, errezeta bat prestatu behar izan dute. Prozesua grabatu eta bideoa Youtubera igotzea eskatu diete. Beste aldetik, hizkuntza gutxituek, ekologiak bezala, aldeko jarrerak piztea behar dutela ikasi dute gazteek hirugarren proban. Lurrarentzat garaiko eta bertako produktuak kontsumitzea ona den bezala, ikuspegi ekologikotik, gizartearentzat bertako hizkuntza gutxitua erabiltzea da osasuntsuena. Azkenik, laugarren proban, ikasleek ikusi dute mundu mailan arriskuan dagoela hizkuntza aniztasuna, eta denon ardura dela dagokion balioa eman eta zaintzea. Ginkanan parte hartu duten ikasleek hizkuntza eta kultura aniztasun handia aurkitu dute herri zein auzoetan.
Gasteizen gero eta gehiago dira, euskaraz gain, kaleetan entzuten diren hizkuntzak. Munduko txoko ezberdinetako herritarrek ekarri dituzten hizkuntzak dira, herriak aberatsago eginez. Laugarren proba honetan, ikasleen herrietan hitz egiten diren 10 hizkuntzen zerrenda osatu behar izan dute gazteek. Udalean, eskolan edo herritarrei galdetuta ezagutu ahal izan dute datu hori. Eta hizkuntza horietan “kaixo” hitza nola esaten den bilatu, eta herrian zehar hitz horiek ikusaraztea eskatu diete.