gasteiz - Egin dezagun kale! lelopean eta giro ezinhobean, hamarnaka euskaldun Gasteizko kaleetara irten ziren atzo hitz egiteko euskaraz eta, aldi berean, bi urteurren antolatzeko asmoz; alde batetik, Gasteizko Mintzalagun egitasmoak hamar urte bete ditu aurten. Eta bestetik, orain hogeita bost urte sortu zen GEU elkartea Gasteiz euskaldunagoa bilakatzeko helburuarekin. Gasteizko euskaldunon jaia ospatzeko egun osorako izugarrizko egitaraua antolatu zuten (antzerkia, umeentzako ikuskizuna, musika, Gasteizko euskaldunon bazkaria, etab.). Oihaneder Euskararen Etxean hasi zen eguna goizeko hamaiketan. Han bertan ‘Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna’ bisita gidatua egin zuten. Hurrengo ekitaldian GEU elkarteak Egin dezagun kale! jai egunaren baitan euskarazko lehen mikroantzerki zirkuitua antolatu zuen. Hiru gune desberdinetan hiru antzezlanen hiruna saio izan ziren (Ortzai aretoan, Zas espazioan eta Baratza aretoan). Antzelan bakoitzaren hiru emanaldi egin zuten, eta antzezlanek 15 minutu inguruko iraupena izan zuten. Hiru antzezlanak ikusteko aukera izan zuten euskaldun guztiek emanaldi bakoitzaren bukaera eta hurrengoaren hasieraren artean 15 minutuko tartea izan zelako areto batetik bestera mugitzeko. Saioek hurrengo ordutegia izan zuten: 12.30, 13.00 eta 13.30etan.
GEU elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta Gasteizko Mintzalagun egitasmoak hamar urte, eta bi urteurrenak ospatzeko Gasteizko zein inguruko euskaldunak gonbidatu zituzten kalean euskaraz egun oso bat bizitzeko. Horretarako eta kalean elkartzeko, Gasteizko euskaldunon jaiaren ekitaldi nagusia herri bazkaria izan zen. Landatxo kiroldegian 14.30etatik aurrera hamarnaka euskaldun elkartu ziren hurrengo menua dastatzeko: piperrak entsalada errusiarrez beteak, zurtoin beteak onddo saltsan, etxeko frijituak, oilasko iztertxoak saltsan, goxua edo sorbetea, ardoa, kafea eta kopa.
Arratsaldeko bostetan umeei tokatu zitzaien jaiaren txanda. Landazuri eskolan (Beato Tomas de Zumarraga, 12) Pupu eta Lore-Haizearen herrira izugarrizko ikuskizunean hartu zuten parte euskaldun txikienek. Beranduxeago denok batera Egin dezagun kale-jira egin zuten Andre Maria Zuriaren Plazan arratsaldeko zazpietan, eta eguna bukatzeko Joselu Anaiak eskaini zuen kontzertu berezia Falerina Lorategian 20.30etan.
kopurua bikoiztu egin da Gasteizen eta Araban euskaldunon kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan. Gero eta jende gehiagok du euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Kalean erdaraz hitz egiten duten euskaldunen kopurua adierazgarria bada ere, apurka-apurka gora doa euskararen erabilera Gasteizko kaleetan. Euskara bultzatzeko Araban, Gasteizko Mintzalagun egitasmoak gogor egin du lan azken hamar urteotan. Lehenengo urtean ehun lagun hasi ziren astero astero ordubetez euskaraz mintzatzeko elkartzen. Kopuru hori biderkatzen joan da urtez urte, eta dagoeneko Araban 1.000 mintzalagun inguru daude. Gehienak hiriburuan elkartzen dira, 700 lagunek osatzen dute mintzalagunen sarea Gasteizen. Oro har, mintzapraktika programen garapena oso adierazgarria izan da azken urteotan Euskal Herri osoan, non 6.000 mintzalagun inguru dauden. Gasteizen, adibidez, Mintzalaguna martxan jarri zenetik parte hartzaileen kopurua bikoiztu egin da. Kaleko eta etxeko ezagutza eta praktikaren arteko espazioa irabazteko Gasteizko Mintzalagun egitasmoak egiten du lan.
Giro informal eta lasai batean euskaraz hitz egiteko gunerik aproposenak dira mintzalagun taldeak. Kide gehienek euskara praktikatzeko beharra dutelako ematen dute izena mintzalagun taldeetan, eta partehartzaileek azaltzen dutenez, hitz egiteko lotsa galtzen dute, segurtasuna lortzen dute eta konfiantzazko giroan soltura edo jariotasuna irabazten dute. Euskara klasetik kanpo erabiltzeko 6-8 laguneko taldeak sortzen dira eta hauek astean behin, ordubetez, elkartzen dira normalean taberna batean. Zentzu horretan, taldeek elkartzeko gunea zein izango den erabakitzeko askatasun osoa dute.