GASTEIZ - Gaur izango da Gasteizko Euskararen Ginkanaren finala, Oihanederren hasiko da 11.00etan eta honako lau taldeek lehiatuko dute elkarren artean: Hezigaitxak, Euskararen Aingeruak, Gudariak eta Gutarrak eta gu. 2.000 euro banatuko dira saritan finalisten artean, ikasbidaiarako edo bonosaritan. Euskara erdigunean izanik, DBH 3, 4 eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta egon da. Ginkana dibertigarria izan da, taldeka parte hartu dute eta sariak ere erakargarriak dira: guztira 2.000 euro daude jokoan. Gasteizko Euskararen Ginkanako parte-hartzaileek, munduko kulturak eta hizkuntzak elkarrekin konektatuz, euskarari hauspoa eman diote, modu dibertigarrian. Gazteek sei proba egin dituzte. Probek munduko hizkuntza aniztasuna eta sare sozialak izan dituzte gaitzat aurten: argazkiak atera, bideoak grabatu, galdetegiak bete...
Euskaltzale, kulturazale edo aisialdi-taldeen lehiaketa da. Euskaltzaleen Topagunearen Leire Lardizabal Azurmendik adierazi du Ginkanak euskara eta hizkuntza aniztasuna lantzea du helburu, eta sare sozialak horretarako bitarteko bikaina izateaz gain, gazteek egunerokotasunean komunikatzeko erabiltzen duten erreminta nagusienetakoa da, nagusiena ez bada. “Garrantzitsua iruditzen zaigu gazteei erakustea sare sozialetan euskaraz erabiltzeko dauden tresnak (hiztegiak, aldizkariak, egunkariak, jokoak, aplikazioak...) eta hizkuntza aniztasunari buruz gehiago jakiteko bideak. Hori guztia modu dibertigarrian egitea dugu helburu, Gasteizko Euskararen Ginkanaren bidez”.
74 taldetan Partehartze arrakastatsua izan du Gasteizko Euskararen Ginkanak bere bigarren edizio honetan. Izan ere, guztira 304 gazte aritu dira, 74 taldetan elkartuta, munduko kulturak eta hizkuntzak elkarrekin konektatzen, euskarari hauspoa ematen modu dibertigarrian. Olabide (15 talde inguru) eta Presentación de María (15 talde inguru) eskoletako gazteak izan dira parte hartzaileenak. Honako eskoletatik ere partaide asko izan dira: Carmelitas Sagrado Corazón, Armentia ikastola, Marianistas eta Los Herrán BHI. Beste hauetatik ere aritu dira bina talde: San Viator, Laudioko lanbide heziketa udal ikastetxea, Koldo Mitxelena, Urkide eta Escolapias.
Hizkuntza aniztasuna eta sare sozialak gaia hartuta, Internet bidezko sei proba burutu dituzte urriaren 3tik azaroaren 21era bitarte. Gazteek txapela kentzeko moduko lana egin dute ginkanan zehar; adibidez, “Maite zaitut” abestia 46 hizkuntzatan aurkeztu dute (hawaieraz, morse hizkuntzan, zulueraz, sardinieraz, gormutuen hizkuntzan, japonieraz?). “Polita” hitza ere 100 hizkuntzatan baino gehiagotan esan dute.
Hizkuntza aberastasuna Leire Lardizabal Azurmendik dioenaren arabera, munduko hizkuntza aniztasuna galtzen ari den honetan, hizkuntza eta kultura aniztasun handia aurki dezakegu gure herri zein auzoetan. “Hizkuntza aberastasuna erakutsi eta zabaldu nahi dugu sare sozialen bidez. Hizkuntza eta kultura aniztasun hau ezagutarazi, aitortu eta egoki kudeatzeak aukera berriak zabaltzen dizkiolako euskarari”. “Euskaldunok munduko hizkuntza aniztasunari egiten diogun ekarpen handiena euskarari eustea eta euskara besteoi ematea baita”.