gasteiz - Araban Euskara Lanean egitasmoa jarri dute martxan Arabako zenbait erakunde, elkarte eta enpresak, arlo sozioekonomikoan euskararen erabileran eragiteko. Gaur egingo da ekimenaren lehen bilkura irekia, Araban Euskara Lanean izeneko world coffee-a, Arabako enpresekin euskarak lanean duen egoeraren azterketa partekatu eta euskaraz lanean ari diren erakundeen praktikak, premiak eta balorazioak jasotzeko. Hortik abiatuta, proposamenak jaso eta hiru urteko eperako Araban Euskara Lanean egitasmoaren gutxieneko helburuak adostuko dira. Egitasmoaren talde eragilea osatu dute lan munduan euskararen alde lanean ari diren zenbait erakunde, elkarte eta enpresek. Arabako enpresa munduan eragitea da helburu nagusia, eta horretarako talde eragile bat eratu da prozesua lideratzeko.
Bertan, honakoak ari dira parte hartzen: Arabako Foru Aldundia, SEA - Arabako Enpresariak, Arabako Merkataritza Ganbera, Arabako Merkataritza Federazioa, Electra Vitoria, Oreka IT, Laneki eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea.
Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Hor daude, esate baterako, Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak.
Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen alor sozioekonomikoan. Euskara Lanean proiektuaren bidez Arabako alor sozioekonomikoan zeresana duten enpresen eta entitateen sarea ehuntzen joan nahi dute.
Helburua da enpresekin euskarak lanean duen egoeraren azterketa partekatzea eta euskaraz lanean ari diren erakundeen praktikak, premiak eta balorazioak jasotzea.