Gasteiz. Euskara da euskaldun egiten gaituena. Urtaran guztiz ados dago esaldi honekin eta 17 urte zituenean euskaltegian matrikulatu zen bere nahia errealitatea bihurtzeko. Bi hamarkada geroago, euskara eta gaztelaniaz erreztasun berdinarekin erabiltzen ditu eta udaletxean sartzerakoan argi utziko du hizkuntza honek gasteiztarrentzat duen garrantzia.
Gobernatzeko aukera duten alderdien artean, zu zara euskara dakien hautagai bakarra. "Plus" edo zure aldeko puntu garrantzitsu bat bezala ikusten duzu?
Erabat. Euskara da Europako hizkuntza zaharrenetariko bat eta euskal herritarron kultur ondarerik preziatuena. Udalan ere politikook bi hizkuntz ofizialak erabili behar ditugu eta horretan saiatuko naiz. Gasteizen badago komunitate euskaldun garrantzitsu bat eta euskaraz erantzun beharko diogu. Hori da nire asmoa eta nire konpromisoa.
Euskara gero eta gehiago entzuten da Gasteizko kaleetan. Udaletxeak arlo honetan egiten duen lana bat al dator norabide horrekin?
Hor dabil. Kezkatzen nauena da Alderdi Sozialistak euskararen erabilera edo euskarazko kultur ekintzak aste batera mugatuko dituela. Ez du barneratu euskarak behar duen zeharkakotasun puntu hori, urtean zehar garatzen diren ekintzetan presente egon behar dela. Amorrua ematen dit Patxi Lazcozek Gasteizen hiriburutza aldarrikatzen duenean ze ikuspuntu eskasa ematen dion euskarari eta, honen ordez, ze garrantzia ematen dion dirua lortzeari. Ahaztu egiten du EAEren hiriburua bagara, EAEren kultura, hizkuntza, nortasuna, ohiturak eta abarren isla izan beharko genukeela.
Posible al da elebitasun berdintsua lortzea hiri honetan?
Azken bolada honetan euskararen ezagupena nabarmen handitu handitu egin da, baina ez ordea erabilera. Hor dago erronka. Kezkagarria da Unescok ateratako azken datuak hizkuntzari buruzko azterketan. Txosten horretan argi geratzen da euskara egoera arriskutsu batean dagoela.
Udaletxeak euskara sustatzeko politikak bultzatzen ditu, baina etxean bertan erabiltzen al da? Adibidez, batzordeetan edo osoko bilkuretan?
Ez eta hori aldatu beharra dago. Nik neurri handi batean euskara erabiliko dut. Halaxe egiten dut Biltzar Nagusietan, ez bakarrik agurrean, baizik eta nire ideiak isladatzeko ere.