Euskaltzaindiak azken sei hilabeteotako eguneratzea egin du hiztegian sarean (www.euskaltzaindia.eus), ohi duen legez, eta oraingoan, 485 forma berri bildu, 1.186 berrikusi -horien artean 687 adiera berri, eta 2.353 adibide berri jaso ditu. Eguneratze berriarekin, hiztegiak 52.561 forma, 70.978 adiera eta 118.579 adibide jasotzen ditu.

Euskararen Akademiatik jakinarazi dutenez, forma berriei dagokionez, 2025ean testuliburuak aztertu ditu hiztegiaren lantaldeak, DBH eta Batxilergo mailan dauden ikasleei eta Lanbide Heziketako ikasleei begira, batez ere.

"Garrantzi handikoa da maila horietako hitzak arautzea, baina ez hori bakarrik: ikasleek horien definizioak eta erabileran lagunduko duten adibideak eskura izatea ezinbestekoa da hiztegia baliagarri izango bazaie", azaldu du Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak.

Orain arte, jasotakoa berrikustea da lantaldearen zeregin garrantzitsuenetakoa, eta, zentzu horretan, esfortzu handia egin da oraingoan ere: adiera berriak sartu dira, erabili gabeak isildu, erregistro markak, adibideak gehitu edo berritu. Hain zuzen, ahalegin horren erakusgarri dira azken eguneratzeko 2.353 adibide berriak.

"Azpicorpus honek orain arte hiztegiratu gabeko forma aski arruntak lantzeko aukera eman digu, corpus handietan galduta gera daitezkeenak baitira horietako asko"

Hiztegiaren lantaldeak testuliburuen azpicorpusa lantzeari eskaini dio denbora tarterik handiena lehen zati honetan, bereziki giza eta gizarte zientziei dagokiena, eta bestelako jakintza arloek eta ikasgaiek ere ekarri dituzte forma berriak, oraindik aztergaia erabat bukatu gabe badago ere, hala nola ekonomiak, geografia-geologiak, kirolak, osasun zientziek, ekologiak, matematikak edo fisikak.

BALORAZIOA

"Azpicorpus honek orain arte hiztegiratu gabeko forma aski arruntak lantzeko aukera eman digu, corpus handietan galduta gera daitezkeenak baitira horietako asko", gaineratu du Urkiak.

Edonola ere, ez dira soilik testuliburuetako hitzak edo gai horiei zuzenean lotutakoak jaso, ohiko konbinazioak, lagunarteko formak edo ezkutuegi zeudenak ere bistaratu baitira eta dagokien lekua eman baitzaie hiztegian seihileko honetan.

Euskaltzaindiak adierazi du hiztegian forma berriak jasotzea garrantzitsua dela, baina hori bezain garrantzitsua dela lehendik dagoena berrikustea. Hala, sarrera batzuk ezabatu egin dira, beste hainbat kasutan erabilera markak gehitu dira, eta adierak berrikusi eta osatu dira hainbat sarreratan.