Korrikaren antolatzaileek 24. aldiaren ibilbidea iragarri dute ostegun honetan. Atharratzetik (Zuberoa) aterako da martxoaren 19an, eta, 11 egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, hilaren 29an, gutxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean, "inoizko parte hartzaileena izatea" helburu.

Antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak Korrikaren webgunean eta aplikazioan daude, eta haietan kontsulta daiteke nondik igaroko den. Kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.

Ohiturari jarraikiz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa, Zuberoan, hain zuzen ere. Aurkezpen egunean iragarri bezala, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari, 15:30ean, hainbat arrazoirengatik, nagusiki Korrikaren "itzalguneetako" bat dela Zuberoako Basabürüa eskualdea, Korrika ez baita bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen eta azken aldia 1985ean izan zen (4. Korrika), hau da, Atharratzetik abiatu zen urtean.

Gainera, euskara sustatzeko eta kalera ateratzeko beharra "sekulan baino agerikoagoa" da bertan: Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola transmisioak ez duela %15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela kaleetan.

Horrekin guztiarekin batera, Zuberoa eta Basabürüa dira azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituzten lurraldea eta eskualdea.

Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira. Bada, Baionan amaitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbon egingo dira azken metroak, martxoaren 29an. 07:20 jota sartuko da Bizkaiko hiriburuan; eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurriko dute, eta ondoren, egun osoko amaiera jai handia izango dau Bilboko kaleetan.