Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du nabigaziorako lehenengo bi milietan itsasaldeko arriskuagatik ostiral honetan, urtarrilarten 9an, 09:00etatik 00:00etara, olatuen altuera adierazgarria 5 eta 6 metro artekoa izatea aurreikusi baita.

Aldi berean, hainbat abisu hori aktibatu dira ur kolpe eta zipriztinengatik, haizeagatik hiru lurraldeetako haizeguneetan, boladak 100 km/h-tik gorakoak izan baitaitezke, eta elurragatik barnealdean, elur-maila 700-800 metrora jaits baitaiteke, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, Goretti izeneko depresio bat sortzen joan da Atlantikoan ostegunean eta aldaketa nabarmena eragin du: mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia, prezipitazioak eta elur-kota jaistea, itsasoaren egoerak okerrera egiteaz gain.

Nabigazioari begira, itsasoaren egoera zailtzen hasi da ostiral goizaldean. Olatuak ugaritu egingo dira: 5 metrotik gorako altuera izan dezakete goizean, eta 5-6 metrokoa egunaren gainerako orduetan. Horrekin batera, mendebal/ipar-mendebaldeko haizea 6-7ko indarrarekin ibiliko da, eta 8ko tarteak izango ditu.

Bestalde, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da ostiral honetan eta larunbatean, prezipitazioak ahulak eta moderatuak izango dira, eta ugariagoak, iraunkorragoak eta orokorragoak isurialde atlantikoan, batez ere ostiral arratsaldean eta larunbateko lehen partean. Ekaitzak sor litezke eta txingorra ere bota dezake.

Elur-maila 700-800 metro inguruan kokatuko da ostiral honetan, eta larunbatean berriz ere gora egingo du. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, eta itsasertzean bolada zakarrak izango dira. Tenperatura maximoek behera egingo dute, eta izotza egin lezake mendialdeetan.

Iragarpen meteorologikoen eguneratzeak Euskalmeten webgunearen eta X sare sozialeko profil ofizialaren bidez jarraitzea gomendatu dute, baita Euskalmetek eskaintzen duen abisuak nahieran zerbitzuaren bidez ere.

GOMENDIOAK

Itsasaldeko arriskuagatik alerta laranja aktibatu dela eta, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak herritarrei gogorarazi die oso garrantzitsua dela kostaldeko eremuetan kontu handiz ibiltzea eta segurtasun gomendioak betetzea.

Bainatzea eta uretako edo urpeko edozein jarduera saihestea gomendatzen da, baita ontziak erabiltzea ere, eta, nolanahi ere, horien amarrak berrikustea.

Era berean, gomendatzen da arriskutsuak izan daitezkeen lekuetara ez sartzea, urautsietatik, kai muturretatik, kaietatik, itsas pasealekuetatik eta itsaslabarretatik urruntzea, eta kostaldeko lerrotik gertu dauden errepideetatik zirkulatzea saihestea.

Itsasora eroriz gero edo olatuek eramanez gero, garrantzitsua da lasai egotea, urautsietatik urruntzea eta korrontearen kontra ez igeri egitea, laguntza eskatuz eta erreskate-zerbitzuak iritsi arte zain egonez. Herritarrei eskatu zaie edozein larrialdi egoeratan berehala 112ra deitzea.