Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arabako campusa Kerik Gabeko Guneen Sarera gehitu da, eta horrela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak foru aldundiekin eta udalekin lankidetzan 2021ean abiatu zuen ekimenarekin bat egiten duen lehen unibertsitate eremua da Gasteizkoa, Osasun Sailak, campusak berak, Gasteizko Udalak eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak elkarrekin egindako lanari esker.
Erakundeotako ordezkariek aurkeztu dute campusean egindako prentsaurrekoan elkarrekin prestatu duten sentsibilizazio kanpaina. Hedapenerako beste elementu batzuren artean, horma-irudi handi bat du, ekimenaren helburua laburbiltzen duena: Campusean, kerik gabe hobeto. Izan gaitezen eredu. Horrez gain, Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio mahaiak jarriko ditu fakultate batzuetan hainbat hilabetez eta egun desberdinetan.
SAREA
Kerik Gabeko Guneen Sarea 2021ean jarri zen abian, tabakoa eta haren deribatuak kontsumitzen hastea prebenitzeko, beste batzuen kearen edo aerosolaren eraginpean egotea eragozteko (batez ere adingabeen kasuan), eta zigarrokinek eta tabakoarekin lotutako produktuen beste hondakin batzuek eragindako kutsadura saihesteko.
'Kerik Gabeko Euskadi' estrategiaren barruan, sarea duela lau urte abiatu zen Euskadiko bederatzi hondartzatan. Harrezkero, urtero izan ditu atxikimendu berriak, eta gaur egun kerik gabeko 700 gune baino gehiago eta 70 udalerri inguru daude Euskadin. Horrela, leku askotara zabaldu da, hala nola 398 autobus edo tren geltokira, 123 parke eta plazara, 96 ikastetxetako inguruetara, 49 osasun zentrotako eremuetara, 32 hondartza edo igerilekura, eta terraza, udal bulego egoitzak eta abarretara.
EHUren Arabako campusa sarean sartzeak "beste bultzada bat" ematen dio tabakismoa prebenitzeko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak duen estrategiari
Ekitaldian nabarmendu dutenez, EHUren Arabako campusa sarean sartzeak "beste bultzada bat" ematen dio tabakismoa prebenitzeko eta bizi ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzak duen estrategiari.