Euskadiko Orkestrak Berlioz / Ravel izeneko kontzertu programarekin hasiko du datorren astean 2025-2026ko denboraldi sinfonikoa. Stefan Blunier zuzendari suitzarrak gidatuko ditu kontzertua, eta Miren Urbieta-Vega sopranoak eta Landarbaso Abesbatzak parte hartuko dute.
Euskal orkestrako iturriek jakinarazi dutenez, kontzertuak ohiko lau hiriburuetan izango dira: irailaren 29an Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, irailaren 30ean eta urriaren 1ean Donostiako Kursaal Auditoriumean, urriaren 3an Iruñeko Baluarte Auditoriumean, eta urriaren 4an Euskalduna Bilbao Jauregian. 19:30ean hasiko dira guztiak.
Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren lehen programak protagonismoa emango dio ahotsari, eta, hasteko, Miren Urbieta-Vega soprano donostiarra izango da bakarlaria Hector Berliozek gaztaroan idatzitako Herminie lanean. Sinfonia fantastikoa-ren melodia ospetsuetako batzuk aurreratzen dituen eszena lirikoa da.
Bigarren zatian, orkestrak Errenteriako Landarbaso Abesbatzarekin bat egingo du Maurice Ravelen lan "handinahienetako bat" interpretatzeko: 'Daphnis et Chloe' ballet sinfoniko-korala. 1912an estreinatu zuten Errusiako Ballet ospetsuek, eta, partitura horrekin, "nire ametsetako Grezia leialki birsortu" nahi izan zuen Ravelek. Lanaren abesbatzarik gabeko bertsioa interpretatuko da Gasteizen, kontserbatorioaren eszenatokiaren espazio arrazoiengatik.
Maurice Ravel jaio zeneko 150. urteurrena ospatzen ari da 2025ean, eta, konpositore ziburutarra Euskadiko Orkestraren ibilbidean funtsezko egilea izan denez, bere musikak leku garrantzitsua izango du denboraldi berrian.
Donostia, Bilbo eta Iruñeko kontzertuetarako sarrerak salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta auditoriumetako leihatila eta webguneetan, 10 eurotik aurrera; hiru hiriotako abonuen salmenta ere zabalik dago, 85 eurotik aurrera, euskadikoorkestra.eus webgunean eta 943 013 232 telefonoan.