Euskaltzaindiak hiztegia sarean eguneratu du (www.euskaltzaindia.eus), sei hilabetean behin egiten duen legez, eta 774 forma berri jaso ditu: 265 sarrera, 364 azpisarrera eta 145 ohiko lexia. Era berean, 1.635 forma zuzendu edo osatu ditu, hiru sarrera eta beste hiru azpisarrera hiztegitik kendu ditu, eta hamar sarreraren buruak aldatu ditu.

Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, eguneratze berriarekin, 52.091 forma (39.809 sarrera, 11.214 azpisarrera eta 1.068 ohiko lexia), 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaera zahar jasotzen ditu orain hiztegiak.

Oraingoan, gainera, 2025eko lehen eguneratzean egindako lanari eutsi eta sukaldaritzaren atala osatu da, ardogintza eta hazkurri-kontuak gehituz Euskaltzaindiaren Hiztegiari.

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak azpimarratu du lantaldeak etengabe jarraitzen duela hiztegia handitzen, baina, batez ere, "berrikusten, osatzen eta hobetzen".

Zentzu honetan, Urkiak esan du "fintze-lana" izan dela seihilekoaren ardatz nagusia: "Aditz-erregimena berrikusi dugu, azpisarreretako definizioak, sarreretako gramatika- eta adiera-oharrak, adibiderik gabeko adierak, taxonak eta abar berrikusten jarraitu dugu".

"Ohi bezala, forma asko ukitu ditugu, baina lehendik genuena berrantolatu, osatu, zuzendu, azken batean hobekuntza-lanetan jarri dugu indarrik handiena, hiztegia etengabe berrikusi behar baita", gaineratu du.

Forma berriei dagokienez, dagoeneko oinarri sendo samarra dagoela nabarmendu du Urkiak, "gero eta espezializatuagoak baitira corpusek bueltatzen dizkiguten hitz ezezagunak". "Horregatik, lehendik ditugunen adierak osatzeak ere zenbakitan ez, baina edukia fintzen laguntzen du", esan du.

Euskaltzaindiak etengabe osatzen eta berrikusten du hiztegia, eta urtean bitan sareratzen ditu berrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena paperean atera zenetik egiten du horrela, eta 2025eko lehen seihilekoan eginiko lanaren emaitzak jasotzen ditu orain sareratu den eguneratzeak.