Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideo-sormen lehiaketa antolatu du euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena sustatzeko eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko. Iazko edizioan 112 lan eta 1.600 bozkatik gora jaso zituen lehiaketak.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasa Gara, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.
Bada, antolatzaileek jakinarazi dutenez, euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte Arnasetik lehiaketan, banaka edo lagunartean. Haien egitekoa izango da euskarari lotutako istorioak kontatzea bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.
Aurreko edizioetan bezala, lehiaketaren hirugarren edizioa ere adinaren araberako hiru kategoriatan banatu da, eta bakoitzean erronka ezberdinei erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek bere herriko txoko maite baterako bidea erakutsi beharko dute, eta azaldu zergatik den beraientzat hain berezia, zer eramaten duten bertara edo zer bizipen izan dituzten han.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek, aldiz, beren herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi beharko dute, jaia nola sortu zen, zergatik eta festa egun horretan zer sentitzen duten azaltzen duten bitartean.
Hirugarrenik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleek kazetari rola hartuko dute eta kalean zehar jendeari galdetuko diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen. Behin erantzuna jasota, herritar horiengana hurbilduko dira galdera bera egitera bosteko segida osatu arte.
Kategoria bakoitzak 500na euroko sari baliokide bat izango du, bai eta publikoaren sariak ere, eta IrisarriLand, Durangoko Azoka, EITB-ko 'Goazen!' eta 'Irabazi arte!' telesailen produktuetan edo Gure Zirkuan gastatu ahalko dute, besteak beste.