CAF konpainiak kontratua sinatu du Trivia Trens S.A. Brasilgo Comporte taldearen baitako enpresa pribatuarekin, São Paulo estatuko trenbide sareko 11-Coral, 12-Safira eta 13-Jade aldiriko trenetan dabiltzan 107 tren elektrikoen mantentze lan integrala egiteko. Hitzarmenak 24 urteko iraupena eta 500 milioi euro inguruko bolumena izango ditu.
CAFek jakinarazi duenez, lagundutako merkataritza operazioa hasten duenetik aurrera egingo ditu lanok (2026ko uztailerako aurrez ikusita dago). Enpresa gipuzkoarrak orain arte lortutako zerbitzu kontratu handienetakoa da, eta Brasilen tren zerbitzuetan duen lidergoa sendotu du.
Kontratuaren arabera, CAFek fabrikatutako unitatez osatutako flota baten mantentze lanak egingo ditu. Gainera, kontratuarekin lotuta, flota CAFen LeadMind plataforma digitalarekin ekipatuko da; plataforma trenen errendimendua maximizatzeko diseinatuta dago.
Soluzio horri esker, parametro kritikoak denbora errealean monitoriza daitezke, egoera bakoitzean eta analisi prediktiboan oinarritutako mantentze lanen adierazleak aplika daitezke, eta, hala, unitateetan beharrezkoak diren esku hartzeen plangintza optimizatu eta material gurpilduna eskuragarriago dagoela ziurtatzen da.
11-Coral, 12-Safira eta 13-Jade lineek trenbideko 100 kilometro baino gehiago dituzte eta egunean 800.000 pertsona ingururi ematen diete zerbitzua São Paulo, Guarulhos, Mogi das Cruzes, Poá, Suzano, Ferraz de Vasconcelos eta Itaquaquecetuba hirietan, besteak beste.
MANTENTZE LAN INTEGRALAK
Mantentze lan integralak zerbitzuaren eraginkortasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna bermatuko ditu São Pauloko metropoli eskualdeko milioika erabiltzailerentzat.
CAFek nabarmendu du "mugarria" lortu duela Brasilen kontratu berriarekin, bidaiarientzako kotxeen mantentze lanetako enpresa nagusi gisa zuen posizioa berretsi eta epe luzera begirako jarraipena bermatu bait.
CAF 1998tik ari da Brasilen lanean eta bertako hainbat operadorerentzako hornikuntzako eta mantentze lanetako proiektuak garatu ditu: São Pauloko CPTM (Companhia Paulista de Trens Metropolitanos), Metrô de São Paulo, CBTU Recife eta Belo Horizonte hirietan, eta Trensurb Porto Alegreko metropoli eskualdean. Horien guztien balioa 3.000 milioi euro ingurukoa da.