Eustaten datuen arabera, 2022an, Euskal AEko ekonomiaren balio erantsi gordin osoaren % 9,4 goi eta erdi-goi teknologia sektorean (GTS) eman zen. Sektore horrek oinarri teknologiko sendoa duten eta ezagutzak azkar berritzen dituzten jarduerak barne hartzen ditu, eta 98.653 lanpostu sortu zituen, guztizkoaren % 8,8, % 3,4 hazi ondoren. Jarduera horiek 5.032 enpresatan garatu ziren, eta 24.979 milioi euro fakturatu zituzten guztira.
Espainiako goi eta erdi-goi teknologiako sektorea kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa guztien % 5,3 biltzen da eta BEGd-aren % 7,8 sortzen du. Manufaktura-industria bakarrik hartzen bada kontuan, sektore honetan pisua handiagoa da, enpresen %7,1 eta balio erantsiaren %10,5 izatera iritsiz.
Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, gainerako magnitude nagusiek hobera egin dute, enpresa kopuruak izan ezik, unitate batean behera egin baitu. Horrela, lanpostuen kopurua % 3,4 hazi da, negozio zifra % 14,5 eta balio erantsia % 7,9. 2022an, jarduera horretan diharduten enpresen batez besteko tamaina 19,6 landunekoa izan da.
Goi eta erdi-goi teknologiako sektorean, enpresen % 13,1ek I+Gko jarduerak egiten dituzte, sektore guztietan oro har hartuta ematen den ehunekoa (% 1,1) baino askoz handiagoa. Gainera, sektore horrek enpresa guztien % 3,4 ordezkatzen du, enpresa-sektorean I+G egiten dutenen % 44,1 biltzen du, eta enpresa-sektoreak gauzatutako I+Gko barne-gastu osoaren % 74,2 egikaritzen du, 1.027,8 milioi euro.
Sektore honetan I+Gn diharduten langileei dagokienez, aipatzekoa da 2022an 11.076 pertsona enplegatu zirela “arduraldi osoko baliokidetzan (AOB)”, enpresa-sektoreak I+Gra bideratzen dituen langileen % 71,8, edo % 50,9, sektore guztiek jarduera horietara bideratzen dutenarekin alderatuz gero. Emakumeak, 3.599 ziren, guztien % 32,5. AOBko langile guztietatik 7.414 ikertzaileen kategoriakoak ziren, eta horietatik 2.432 emakumeak ziren, % 32,8.