Síguenos en redes sociales:

'Autonomoen Txekea'ren bigarren deialdia martxan

Gasteizko Udalak 'Autonomoen Txekea' laguntzaren bigarren deialdia egin du eta 100.000 euro banatuko ditu

'Autonomoen Txekea'ren bigarren deialdia martxanAlex Larretxi

Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Autonomoen Txekea izeneko laguntzaren bigarren deialdia onartu du, 2024an erregimen horretan sartzen diren pertsonei zuzenduta, eta 100.000 euroko aurrekontua izango du.

"Lehen deialdiak izandako arrakastaren ondoren, formula honen aldeko apustua egin dugu berriro, Gasteizko ekintzaileei laguntzeko. Horretarako, 100.000 euroko inbertsioa egingo dugu", nabarmendu du Maria Nanclares Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismo zinegotziak.

'Autonomoen Txekea' da Enpresen Zerbitzuak abian jarritako neurri garrantzitsuenetako bat, eta negozio ideia garatzeko espazioekin, negozio ideia martxan jarri eta sendotzeko prozesuan emandako aholkularitzarekin eta beste laguntza lerro batzuekin osatzen da.

Ekimenari esker, lana beren kontura egiten dutenek 960 euro jasoko dituzte urteko ordainketa bakarrean (hilean 80 euroren baliokidea). Itzuli beharrik gabeko diru laguntza da eta Gasteizko Udalak enpresak sustatzeko duen laguntzen lerroari atxikita dago.

Atzeraeraginezko izaera duen laguntza eskuratu ahal izango dute 2023ko otsailaren 1etik aurrera Autonomoen Erregimenean eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda daudenek eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituztenek; betebehar horietako bat da jarduera gutxienez urtebetez mantendu izana.

Eskaerak egiteko epea irailaren 2an hasi eta abenduaren 13an amaituko da. Laguntzak emateko prozedura lehia sinplekoa izango da, eskatutako dokumentazio osoa sartu deneko erregistro hurrenkeraren arabera.