Síguenos en redes sociales:

Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioei

Gariak eta artobeltzak CO2-maila eta tenperatura altuko lehorte-egoeretan nola erantzuten duten ikertu dute Landareen Biologia eta Ekologia Sailean

Artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten die etorkizuneko klima-kondizioeiFreepik

"Berotegi-efektuak eragingo dituen lehorte, tenperatura eta CO2-maila altuko baldintzek arriskuan jarriko dituzte gari-ekoizpenak". Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek egiaztatu dute artobeltzak gariak baino hobeto erantzuten duela muturreko kondizio horietan, landareen hainbat parametro fisiologiko aztertuta.

"Datuek argi uzten dute: etorkizuneko klima-kondizioak muturrekoak izatera irits litezke. Pello eta otsoa ipuin ezagunean bezala, “otsoa badatorrela” esaten dute datuek. Atmosferako CO2-a esponentzialki igo da azken hamarkadetan, eta hala jarraituko du hainbat urtez. Horren ondorioz, berotegi-efektua areagotu egingo da; litekeena da tenperatura globalak 3 °C igotzea, eta, hala, ur-eskasia ere areagotu egingo da planetako hainbat tokitan", azpimarratu dute Euskal Herriko Unibertsitatetik.

Horrenbestez, laboreek etorkizunean lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan behar izango dituzte, CO2-maila eta tenperatura altuekin batera. Kondizio horiek kalte egiten diete labore konbentzionalei, hala nola gariari, eta horrek arriskuan jar lezake mundu mailan milioika pertsonak elikagaiak eskuratzeko duten aukera. Pello eta otsoaren ipuineko herritarrek ez bezala, zientzialariek badakite klima-aldaketa etorri badatorrela edota dagoeneko gertatzen ari dela. Ez dute ikuspegi baikorrik zentzu horretan, baina buru-belarri ari dira “otsoa” etortzen denerako erremedioak bilatzen.

Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailean, adibidez, ikertzen ari dira “ea etorkizuneko baldintza horietan zer labore alternatibok izan dezaketen aukera gehiago aurre egiteko —dio Xabier Simón ikertzaileak—. Litekeena da etorkizunean labore konbentzional askoren erabilera murriztea (garia, artoa…), eta haien ordez egoera berrietan hobeto aurrera egiten duten laboreak erabiltzea. Hortxe daude, adibidez, artobeltza, basartoa, espelta eta abar. Beraz, funtsezkoa da jakitea espezie horiek zer gaitasun izango duten lehorte handiko, tenperatura altuko eta CO2-maila handiko egoerak jasateko”.