Euskaltzaindiak Noeren ontzia atari digital berria jarri du euskal gizartearen esku, memoria literario komun bat osatzeko helburuarekin. Atariak garai eta euskalki guztietako testu hautatuak eskainiko ditu, euskaraz sortuak edo beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarriak, eta sei ataletan banatuta: Historia, Herri-kultura, Hizkuntza, Literatura, Ahozko Literatura, Gaurko Gizartea eta Abestiak.
Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, irakurleak gaurko grafiaz eta morfologiaz aurkeztuta aurkituko ditu testuak, eta jatorrizkora jotzeko aukera ere izango du. Testuok sarean egongo dira, profesionalki editatuta, argazki edo bestelako irudiekin ilustratuta, bertsio musikal batera edo film batera eramango duten estekekin hornituta, eta etiketatuta erabiltzailea erraz irits dadin.
DBHko eta Batxilergoko ikasleak gogoan hartuta diseinatu da batez ere, baina baliagarria izan nahiko luke unibertsitateko ikasleentzat eta euskaltegi zein hizkuntza eskolentzat, baita ikasmaterialak prestatzen diharduten berritzegune eta argitaletxeentzat ere, edota irakurketa plana hornitu nahi duten ikastetxeentzat.
"Bestalde, euskaldunon bizimodua zer izan den jakiteko kanpotarrek gutaz idatzi dutenari erreparatu beharra dagoenez, hori ere jasoko da Noeren ontzia atarian.
Beraz, genero guztietako idazki mota asko jasoko ditu atariak, eta ez literarioak bakarrik, elkarrizketak, testigantzak, gutunak, bando, panfleto edo mitin zatiak edota prentsa artikuluak ere sartu direlako", ondorioztatu dute bertatik.