Síguenos en redes sociales:

Mendi Film 5. Bekak 10.000 euroko laguntza eta aholkularitza eskaini dizkio proiektu irabazleari

Mendi Film 5. Bekak 10.000 euroko laguntza eta aholkularitza eskaini dizkio proiektu irabazleariUtzitakoa

Mendi Film jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Mendi Film Bekaren bosgarren edizioa jarri dute martxan. Mendiko kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago, eta hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mendiko kultura ikuspegi askotatik ulertuta sustatzea da xedea, hau da, kirola, kultura, gizartea edo jasangarritasunarekin, ekologiarekin eta klima-aldaketarekin lotutako proiektuak aurkez daitezke. Errealizadoreen gaztetasuna, Bizkaian filmatutako proiektuak eta horien izaera lokal-globala, baloratuko dira; halere, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortzeko garaian.

Bekak hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu. Egile amateurrek nahiz esperientziadun profesionalek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza, eta hori da aurtengo deialdiaren berrikuntza nagusia. Adin mugarik ez da ezarriko 18 urtetik gora.

Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu: lehenengoan, hurrengo fasera igaroko diren bost proiektu finalistak hautatuko dira; bigarren eta azken fasea BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 17. edizioan burutuko da, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunitateko nahiz mendi munduko kideek osatutako epaimahai batek hautatuko du bosgarren Mendi Film Beka jasoko duen proiektua. 2025eko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian estreinatuko da proiektua.

Proiektuak inskribatzeko epea irailaren 30ean bukatuko da. Proiektuaren ideia originala izango da, mendiko kirolak (alpinismoa, eskalada, xenda zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail running, kayak, espeleologia, slack line, parapentea eta beste batzuk), abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna edota klima aldaketa izanik gaiak, guztiak mendiaren eremuan garatuak. Oinarriak eta izena emateko formularioa www.mendifilmfestival.com webgunean daude.